Etxeberriak eta Larretxeak lehen puntua lortu dute
Hasierako proban ez beste guztietan hartu dituzte mendean Joxemari Olasagasti eta Julen Kañamares.

Felix Etxeberriak eta Donato Larretxeak irabazi zuten herenegun Asteasun jokatu zen Urrezko Aizkorako lehen jardunaldia. Joxemari Olasagasti eta Xabier Orbegozo Arria V.a ziren aurka aritzekoak, baina errezildarrak ezin izan zuen Asteasun izan, eta bere ordez Kañamares III.a aritu zen lanean.
Bikote bakoitzak sei lan ezberdin egin behar izan zituen, eta Olasagastik eta Kañamaresek lehen proba irabazi zuten, zeinek 45 ontzako enborra kolpe gutxiagotan moztu. Olasagastik eta Kañamaresek 38 kolpetan moztu zuten, eta seiren aldea kendu zieten aurkariei.
Bigarren lanean bi 45 ontzako zeinek azkarrago moztu neurtu ziren, eta nafarrak gailendu ziren; 1.11 izan zen beraien denbora, eta Olasagastik eta Kañamaresek lau segundo gehiago behar izan zituzten. Hirugarren lanean kana-erdiko bat zutik jarrita moztu behar izan zuten, eta hor alde nabarmena kendu zieten nafarrek, beraien lana minutu eta 39 segundoan burutu baitzuten, 21 segundoko zuloa lortuz.
Laugarren lanean 60 ontzakoa ebaki behar izan zuten, eta berriro ere Etxeberria eta Larretxea izan ziren garaile. Bi minutu eta segundo bat behar izan zuten nafarrek beraien lana bukatzeko, eta bi segundo gehiago behar izan zituzten Olasagastik eta Kañamares gazteak.
Bosgarren lanean bikote bakoitzak 45 ontzakoa zutik jarrita eta kana-erdikoa etzanda jarrita ebaki behar zuen, eta hor ere Larretxea eta Etxeberria izan ziren onenak. Hain zuzen ere, 3 minutu eta 33 segundokoa izan zen beraien denbora eta 3 minutu eta segundo batekoa aurkariena.
Azkeneko lana iraupen proba zen, eta ordurako nahiko bideratuta zuten garaipena bi aizkolari nafarrek, oraindik ere edozer gerta zitekeen arren. Joxemari Olasagastik eta Julen Kañamaresek bazuten aukera garaipena lortzeko, baina Larretxeak eta Etxeberriak garbi utzi zuten sasoi onean daudela eta ez zieten aurkariei inongo aukerarik eman. Bikote bakoitzak bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako ebaki behar izan zituen, eta nafarrak erraz gailendu ziren, hasieratik bukaerara jaun eta jabe izanez.
Etxeberriak eta Larretxeak 13 minutu eta 9 segundo behar izan zituzten beren lanak burutzeko, eta 14 minutu eta 40 segundo, berriz, Olasagastik eta Kañamares III.ak.
Lan guztiak burututa, Etxeberria eta Larretxea izan ziren onenak. Denak egiteko 22 minutu eta bi segundo behar izan zituzten. Joxemari Olasagastik eta Julen Kañamaresek, berriz, 23 minutu eta 33 segundo behar izan zituzten. Urrezko Aizkorak jarraipena igande eguerdian izango du.

Telleria, un pueblo burgalés que quiere ser vasco... o suizo

PNV y PSE aprueban una ley que apela a su artículo 145 y tiene solo 7

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea
