GARA BILBO
Euskal presoen eskubideak

Aplikazio propio bat izango du hilaren 11n sortuko den itsasoak

 

Tantaz tanta hilaren 11n Bilbon osatuko den itsasoaren gaineko informazio zuzena izateko aplikazio propio bat izango da. Dabid Martinezek eta Joseba Martosek egin dute tresna hau.

«Tantaz tanta itsaso garen moduan, Interneten ere bitez bit sarea izango gara. Teknologia berriek eskaintzen dizkiguten aukera guztiak aprobetxatuz euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen aldeko manifestazioak kalean duen oihartzun berdina izan behar du sarean ere. Nazioarteko elkarteek, gobernuek, pertsonek eta abarrek gure aldarrikapenen berri izan behar dute», azaldu zuten atzo Bilbon egin zuten agerraldian.

Helburu hori lortzeko Tantaz Tanta Android aplikazioa sortu da. Horren bitartez, hilaren 11n Bilbon gertatzen denaren berri emateko aukera eskainiko da. Alde batetik, webgunean (zuzenean.tantaztanta.info/) momentu oro Bilboko kaleetan gertatzen denaren berri izateko aukera izango da. Webgunean mapa bat aurkituko da, eta bertan tanta desberdinak agertzen joango dira. Bakoitza mezu bat izango da: argazkia, bideoa, txioa, elkartasun mezua... Horrekin batera, Twitter sare sozialean #ItsasoaGara traola erabiliko da.

Horrekin batera, Android aplikazioa erabiltzeko aukera ere izango da, sistema hau duten telefono eta tabletetan. Aplikazio hau erabiliz webgune nagusira edozein mezu bidaltzeko aukera izango da, ekimenaren berri eman ahal izateko.

Egitarau zabala

Bestalde, Patxi Bidart eta Oiane Eizmendik Bilbora goizetik joateko deia egin zuten. Egitaraua goizeko 11.00etan hasiko da Areatzan. Lau eremu izango dira bertan: musika emanaldiak, txikientzako jarduerak, ogitartekoak eta edariak saltzeko zerbitzua, materiala saltzeko tokiak, enkante bat... 17.30ean bi olatu handi abiatuko dira, bata Casillatik eta bestea udaletxetik, eta handik ordubetera itsasoa osatuko dute bi olatuak batuz. Ondoren, ekitaldi gehiago izango dira Areatzan, 23.00ak arte.

Horrekin batera, itsasoa sortu ahal izateko, Bilbora doazen guztiek beren tantaren irudi propioa eraman behar dutela gogoratu zuten atzo antolatzaileek.

Tantaz Tanta ekimenaren izenean Amets Martinezek gogora ekarri zuenez, sakabanaketak 25 urte beteko ditu aurten. «1989tik hona sufrimendua, istripuak eta zigorrak besterik ez du ekarri euskal familia ugarirentzat, errepidean hamasei hildako eta ehunka zauritu utzi ditu politika anker horren 25 urteko ibilbideak», nabarmendu zuen.

«Gobernuak tematurik daude bakeari ateak ixten eta urrats txikienik ere ez dutela egingo esaten digute. Horretxegatik uste dugu gizarte zibilaren txanda dela», gaineratu zuen Martinezek.