IKUSMIRA
IKUSMIRA

Eragile guztiak konponbidera arrastatzeko moduko itsasoa osatu behar duten tantak

Ziur samar iragar liteke datorren astean, hilaren 11n, Bilbon uholdea, giza uholdea, izango dela. Ez da zaila asmatzea, azken urteetako jendetza ikusita. Hala ere, hori ez da bertan gozo gelditzeko motiboa. Aitzitik, sakabanaketak eta euskal presoen eta haien senideen eskubideen urraketak oro har bere horretan diraute. Alegia, Madril eta Parisko gobernuen jarrera ez da ezertxo ere aldatu eta gainera mugitzeko asmorik ez dutela iragartzen dute. Euskal presoek ez bezala. Izan ere, hauek giltzapean daude, baina ez geldirik. Prozesuari ekarpenak egiteko prest, dagoeneko ekarpenak egiten hasita. Batzuek urrats gehiago eskatzen dizkiete, baina zirkinik ere egin ez duenaren eskaera horrek ez du balio handirik. Mugitu dira eta mugituko dira. Pausoz pauso konponbide baterako ibilbidea osatuz. Baina euskal gizartearen mugimendua da erabakigarriena. Esate baterako, hilaren 11. Erronka handia dago Bilbon, itsaso bat osatzeko erronka, tanta baten garrantzia irudikatuko duen ekimena. Tanta bakar bat oso gutxi izanda ere, gainontzeko guztiak bezain ezinbestekoa da denak elkarrekin indar geraezina izateko, itsasoa izateko. Eragile guztiak konponbidera eta bakera arrastatzeko moduko itsasoa.