GARA DONOSTIA

Bergarako Amodiozko gutunen lehiaketarako azken egunak

Bergarako Amodiozko Gutunen XXII. lehiaketara lanak aurkezteko epea datorren asteartean, urtarrilaren 7an amaituko da. Ohi bezala, irabazleak otsailaren 14an, San Balentin egunez emango dituzte jakitera, Bergarako kultur etxean. 1999an edo lehenago jaiotako edonork har dezake parte eta aurtengoan ere sari ederrak dituzte: 500 euro lehenengoarentzat, 250 bigarrenarentzat, 150 bergarar onenarentzat eta beste horrenbeste 26 urtetik beherako onenarentzat.

Posta arruntez nahiz posta elektronikoz bidal daitezke gutunak. DIN A-4 orritan eskuz zein ordenagailuz idatzita aurkeztu ahal izango dira eta lanen luzera ezin izango da bi orrialde baino gehiagokoa izan. Azalpen gehiago nahi izatera: www.jardun.org atarian edo 943 76 36 61 eta 943 76 08 19 telefono zenbakietan.