Jon LEUNDA
Harri-jasotzea Urteberriko Txapelketa

Izeta IV.ak eta Urruzonok eraman dute txapela

Azken jardunaldiko saio erabakigarrian ere ez zuten barkatu, garaipena lortuz.

Izeta IV.ak eta Urruzonok irabazi zuten Urteberriko Harri-jasotze Txapelketako azken jardunaldia, eta beraientzat izan da txapela, jokatu dituzten bi jardunaldiak irabazi ostean.

Atzo mendean hartu zituzten Izeta III.a eta Eizmendi. Azken hau Ostolatzaren ordez aritu da, zestoarra gripeak jota baitago. Izeta IV.a eta Urruzono proba bat ez beste guztietan gailendu ziren. 125 kiloko errektangularra 21 aldiz jaso zuten, eta biren aldea kendu zieten aurkariei. Ondoren, 100 kiloko zilindro zaharra jaso behar izan zuten, eta irabazleek 29 jasoaldi ematea lortu zuten, hiruren aldea kenduz. Hirugarren lanean, 100 kiloko kubikoa jaso behar izan zuten, eta hor bi bikoteak berdinduta geratu ziren, bakoitzak 24 jasoaldi lortu baitzituen.

Azkenik, 100 kiloko bola jaso behar izan zuten, eta hor Izeta IV.ak eta Urruzonok 32 jasoaldi lortu zituzten, eta bi gutxiago aurkariek. Denera, 106 jasoaldi eta 11.125 kilo jaso zituzten Izeta IV.ak eta Urruzonok, eta Izeta III.ak eta Eizmendik, berriz, 99 jasoaldi lortu zituzten, eta bizkarrera, berriz, 10.375 kilo eraman zituzten. Atzokoarekin eman zitzaion amaiera txapelketa honi. Hiru jardunaldira jokatu da hiru bikoterekin, eta amaieran txapela Izeta IV.ak eta Urruzonok lortu zuten, guztira, bi saioetako pisuak batuta, 22.475 kilo jasota. Bigarren postuan, berriz, Izeta II.a eta Lopetegi sailkatu dira 22.175 kilo jasota, eta azkenik, Izeta III.a eta Eizmendi sailkatu dira, guztira 20.975 kilo jasota.

Izeta IV.ak desafioa bota zien, Irigoien ez beste gainontzeko harri-jasotzaileei. 100dik 150 kilo bitarteko kubikoarekin jokatzeko, 10 minutuko hiru txandatan. Apustua jokatu nahi duenak, berarekin jarri beharko du harremanetan.