Jon LEUNDA
sokatira Euskal Herriko Txapelketa

Talde kopuru handiarekin abiatuko da lehiaketa

Otsailaren erdian jokatuko da Irlandan Munduko Txapelketa.

Azken urte hauetan izan den talde kopururik handienarekin abiatuko da gaur Euskal Herriko Goma gaineko Txapelketa. Laukoa urtearen amaieran bukatu zen, eta han Sokarri eta Ibarra izan ziren nagusi, bata mutiletan, eta bestea nesketan; eta zortzikoan, ikusi beharko da ea horri eusteko gai diren edo ez.

Aurtengo txapelketa hau oso garrantzitsua izango da, izan ere, otsailaren 20tik 23ra jokatuko da Irlandan Munduko Txapelketa, eta hari begira aritu dira talde asko euren prestakuntza egiten, baina horretarako lan ona egin beharko dute etxeko lehiaketan ere.

Ohikoa den moduan, gizonezkoak lau mailatan arituko dira, 560koan, 600ekoan, 640koan, eta 680koan. Talde kopururik handiena 600ekoan izango da, agian horixe baita Euskal Herriko mailarik garrantzitsuena. Nesketan, berriz, 540 eta 500 kiloan arituko dira, eta aurten mistoena ere izango da. Maila hau gero eta indar handiagoa hartzen ari da, eta pisu bakar batean jokatzen bada ere, 600ekoan, gero eta talde gehiago ari dira agertzen.

Laukizen hasiko da txapelketa gaur, 17.00etan. 640 kilokoaren lehen jardunaldia jokatuko da. Pisu honetan bi jardunaldi izango dira, eta gero sei onenek lortuko dute finalean aritzeko txartela. Honako hauek parte hartuko dute: Abadiño, Murueta, Ibarra, Nabarniz, 6 Conceyos, Sokarri eta Ñapurrak. Lehen jardunaldi honetan ikusiko da taldeek zer-nolako jarrera agertzen duten, eta nondik nora joan daitezkeen.

Azken urte hauetan jaun eta jabe izan da Abadiño, baina laukoan ez du txapel bakar bat ere lortu. Dena dela, garbi utzi zuten hasi aurretik euren prestakuntza osoa zortzikorako ari zirela egiten, eta pentsatzekoa da maila emango dutela.

Laukoan Sokarri izan zen sekulako maila eman zuena, baina zortzikora gauzak aldatzen dira, eta ikusi beharko da ea orain ere gai den maila bera emateko. Ñapurrak bera ere sekulako maila ematen aritu da, eta lapurtarrak ere saiatuko dira orain guztia baieztatzen. Garbi dago, pisu honetan 6 Conceyos taldea izango dela ahulena. Asturiarrek ez dute meritu makala handik Euskal Herriko Txapelketara etortzearekin bakarrik, eta askotan, gainera, tiraldi bakar bat ere irabazi gabe joan behar izaten dute etxe aldera.

Emakumezkoetan ere leku berean jokatuko da lehen jardunaldia, eta lehiatuko diren lau taldeak honako hauek izango dira: Gaztedi, Badaiotz, Ibarra eta Bizindar. 540koan, eta emakumezkoen beste pisuan ere, Ibarraren eta Badaiotzen artean egongo da txapela.

Ibarra jaun eta jabe izan da laukoan, eta badirudi zortzikoan ere eurak aterako direla faborito. Euskal Herriko Txapelketa irabazteaz gain, Mundukoan ere dominaren bat lortu nahi dute, eta borroka horretan oso prestakuntza ona egin dute.

Badaiotz ere aurreko urteetan sekulako maila emanez ibili da, baina azkenaldian gipuzkoarrek aurre hartu diete. Dena dela, bi talde hauen artean oso dema polita izango da, eta sokatirako zaleek gozatzeko aukera paregabea izango dute, gaurtik hasi eta otsailaren erdira bitarteko asteburu guztietan.

Aian erabakiko da urteko lehenengo txapela

Gaur hasi eta bihar izango du jarraipena aurtengo txapelketak, eta bihar, gainera, finala jokatuko da 680 kilokoan, pisu hau jardunaldi bakar batean erabakiko baita. Abadiño, Murueta, Ibarra, Nabarniz, 6 Conceyos, Zuraide eta Sokarri izango dira parte hartuko duten taldeak. Ekitaldia Aiako pilotalekuan izango da, 11.30ean hasita. Zuraide ez beste gainerako taldeak gaur ere arituko dira lanean, baina gainerakoek ere tiralariren batzuk aldatu beharko dituzte, pisurik handiena baita gaurkoa. Bi egun hauek garrantzitsuak izango dira, lehen txapela banatzeaz gain, taldeak nondik nora ibili daitezkeen ikusteko ere balioko baitu. J.L.