JAIME VALVERDE
KRITIKA antzerkia

Itsasoari emeki so

Saretan barrena harilkatzen doiez geure bizitzak», dio saregile batek obraren hasieran, Atxagaren «Soseguan ixiltasuna brodatzen» hura gogoraraziz. «Amantalen ahotsa» lanaren ostean, Hika eta Oinkari berriz elkartu dira, oraingoan kostaldeko emakumeei omenaldi gogoangarria egiteko. Emakumearen eta itsasoaren arteko amodiozko harremana kontatzen duen obra honetan nabariak -eta kutsakorrak- dira egileek (50 dantzari, lau musikari eta bi aktore) prestakuntzan jarri duten ilusio eta maitasuna.

Eszenografiak kai baten koadroa marrazten du taula gainean, eta bertan, itsasoaren isla irisatuak imitatzen ditu tarteka argiztapenak. Koreografia zoragarriak, Pello Ramirezen zuzeneko musika apartaren laguntzaz, portuaren eguneroko bizitza iradokitzen du poetikotasun mehe batez, eta zenbait une hunkigarri sortzen dira emakume horien bizipenak gogora ekartzean. Dantza tradizionalari ematen zaion trataeran Kukai konpainiaren kutsu garaikidea antzematen da, Maider Oiartzabalen kolaborazioa tarteko: esate baterako, eszena batzuetan hankei dagozkien mugimenduak besoekin egiten dira, eta horrela saregileen esku-lana dantza-jolas bihurtzen da. Oinkariko dantzari gazteak bikain aritzen dira, eta talde profesional batek nekez lortuko lukeen freskotasun bat ematen diote beren lanari.

«Itsasoaren emazteak» ikuskizun handia dugu zentzu guztietan; itsasoa begiratu eta entzuteak bezala, sosegu berezi bat eragiten duena, malenkonia eta zirrararen artekoa.