Maider IANTZI

Neskek eta mutilek osatuko dute lehen aldiz haurren danborradako karroza

Ilusio handia sumatzen zen atzo udalbatza aretoan egindako San Sebastian eguneko egitarauaren aurkezpenean. Haur danborradako pertsonaiak etorri ziren eta desfile txiki bat egin zuten senide, ordezkari politiko eta kazetarien aurrean, kamera piloa gainean zutela.

Danbor eta upel festa lehertzeko astebete gelditzen zela, Donostian hain errotuta dagoen ospakizun honen aperitibo bat izan zen atzo udalbatzan. Txiki-txikitatik bizitzen dute herritarrek tradizioa eta horren adibide bat ikusi ahal izan zen. Danbor Nagusia -Aitor Ikastolako Malen Arrieta Ansa- buru, haurren danborradako pertsonaia ilara sartu zen aretoan, poliki-poliki eta irribarrea aurpegitik ezin kenduta, ez eurek eta ezta sakelakoekin eta kamerekin argazkilari profesionalekin batera jo eta ke zebiltzan gurasoek ere.

Han ziren Easo Ederra, Sara Esnal Arrieta, eta aurten, aurreneko aldiz, bai neskek bai mutilek osatuko duten karrozako pertsonaiak. The English School-eko haurrak izanen dira XIX. mendearen hasierako gizarte zibilaren ordezkariak. Ikastetxe honetako Oihana Etxezarreta Hernandezek eginen du jeneralaren papera eta Jude Ozores Martinek, laguntzailearena.

«Disfrutatzeko eguna da. Orduan, ondo jo, baina aldi berean disfrutatu», erran zien Marenek kideei. Sarak ere bazuen mezua: «Parte hartuko dutenei esan nahi diet oso ondo pasatzeko eta danborra fuerte jotzeko».

Erakustaldiaren ondotik, txikiak eseri eta Juan Karlos Izagirre alkateak aurtengo berezitasunen berri eman zuen. Adibidez, hainbat donostiarrek udaletxeko balkoitik ikusten ahalko ditu neska-mutikoak. Bihar, 19.00etan, udalbatzan bertan eginen dute zozketa.

Beste datu aipagarri bat munduko euskal etxe guztietara gutunak bidaltzeko egin duten saiakera da, herri ugaritan ospatzen delako danborrada eta horien berri jakin nahi dutelako, gero lan bat egiteko. «Espero dezagun elkarrekin disfrutatzea, desberdintasunak alde batera utzita», adierazi zuen alkateak itxaropentsu.

Atzokoa aperitiboa izan zen, baina ez bakarra, ostiralean festa batekin aurkeztuko baitute umeen danborrada, 12.00etan Victoria Eugenia antzokian. Ekitaldian izanen dira, konpainia guztietako ordezkariekin, Gari, Montxo eta Joselontxo, Gero Axular Dantza Taldea, Antiguako bertso eskola, Donostiako Suhiltzaileak eta EHUko saskibaloi taldea, besteren artean.

Urtarrilaren 20an eguraldi txarra eginez gero, 26an aterako da danborrada, eta orduan ere ezin bada, datorren urtean.

Eskaut Gia konpainiak igoko du ikurrina

Helduen danborradari dagokionez, 128 konpainia aterako dira, zazpi eremutan banatuta: Altza-Intxaurrondo, Amara-Loiolako Erriberak, Antigua, Erdialdea, Gros, Loiola-Egia-Martutene eta Alde Zaharra. Aurten DYAko danborrada ez da aterako eta hiru berri gehituko dira: Iluari Futbol Kluba eta Morlanstarrak Auzo Elkartea Amaran eta Loiolako Erriberetan, eta Centro Burgales Castellano Leones Grosen.

Nerea Txapartegi Udaleko Kultura ordezkariak parekidetasunerantz egiten ari diren urratsak nabarmendu zituen. Horren adibide, kaleak hartuko dituzten 115 konpainia mistoak. Baina, ohartarazi zuenez, mistoa eta parekidea ez dira sinonimoak. «Oraindik gehiago dira parte hartzen duten gizonak emakumeak baino eta postu asko sexuaren arabera banatzen dira. Beraz, oraindik pauso asko geratzen dira festak modu parekidean bizitzeko».

Horietako bat erregistratu zen aurreneko konpainia mistoari, Eskaut Gia-ri, egindako aitorpena da, ikurrina igoz jaiari hasiera emateko ohorea emanez. Sexu ezberdinak eta gaitasun ezberdinak ere barne hartzen ditu talde honek, edozein motatako desberdintasunei aurre eginez integrazioa bultzatuz. M. I.