Arantxa MANTEROLA

Zigorra bete badu ere, Saez de Egilaz beasaindarrak preso segitzen du Gradignanen

Karlos Saez de Egilaz euskal presoa joan den ostiralean aske utzi behar zuten Saint Martin de Re-ko espetxetik atera eta Espainiaratu ostean. Alta, epaitegien arteko izapide administratiboak tarteko, orain Gradignanen daukate hamaika urte preso eman dituen beasaindarra.

Bere kondena erabat beteta, joan den ostiralean aske geratu behar zuen 2003ko urtarrilean Akizen atxilotua izan zen Karlos Saez de Egilaz euskal presoak, Saint Martin de Re espetxetik Estatu espainolera kanporatua izan ostean.

Berak eta familiak hala espero bazuten ere, ez zen halakorik gertatu, epaitegien arteko hainbat izapide administratibo oraindik egiteke dauden aitzakiapean, Gradignaneko presondegira eramana izan baitzen beasaindarra.

Maritxu Paulus-Basurko abokatuak azaldu zuenez, 2011n Madrilera estraditatu zuten bertan epaitzeko, baina auzia artxibatu egin zuten eta berriro Estatu frantsesera itzuli zuten kondena buka zezan.

Alta, bere garaian Auzitegi Nazionalak ez zion artxibatzeko erabakiaren jakinarazpena ofizialki igorri epaitegi frantsesari, eta orain agiri horren zain daude. Abokatuak espero du gehienez ere egun batzuetako kontua izango dela, nahiz eta ezin duen ziurtatu: «Nik uste dut gaur edo bihar ailegatuko dela agiria, baina ez da esana, hori eskuetan ere, berehala kanporatuko dutenik» esan zion Garari.

Espainiaratzeko prozedura

Izan ere, 15 urteko espetxe zigorrarekin batera, Kai Saez de Egilazek Estatu frantseseko lurraldean egoteko erabateko debekua ere jaso zuen eta kondena bukatu bezain laster Espainiaratua izan beharko luke. Justizia Ministerio frantsesak prozedura hori prestatua duen ez daki abokatuak.

Hala ez balitz, litekeena da egun edota aste batzuk gehiago giltzapean mantentzea. «Agintari espainiarren utzikeriarengatik gertatu izan dira horrelakoak lehen ere. Kasu horietan, normalean Atxikitze Zentroetara eramaten dituzte», adierazi zuen Paulus-Basurkok.