Nagore BELASTEGI DONOSTIA

Txillardegiren hitzak biltzen dituen oroigarria jarri dute Lasala plazan

Donostiako harresiak bota zituztenean Lehorreko Atearen zaindari izan zen lehoiaren eskultura leku batetik bestera ibili zuten, Lasala plaza txikian behin betiko etxea topatu zuen arte. Pare-parean bizi izan zen Jose Luis Alvarez Enparantza «Txillardegi» eta eskulturari buruzko testu bat idatzi zuen. Bi urte bete dira idazlea hil zenetik, eta haren omenezko ekitaldi xume batean, lehoiari eskainitako hitzak erantsi dizkiote, donostiarrek istorio horren berri izan dezaten.

Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi idazle donostiarra duela bi urte hil zen atzoko egunez. Berak euskara eta euskal kulturaren alde egindako lana izugarri handia izan zen, eta horregatik lagun eta senitartekoek ez zuten bere omenezko ekitaldi xume bat egiteko aukera galdu.

1929an jaio zen Txillardegi Donostiako Antigua auzoan. Erbestean bizi behar izan zuen garai batean, baina Euskal Herrira itzuli zen; Amasako baserrira lehenengo, Donostiako Lasala plaza inguruko etxera ondoren. Azken urteak bertan eman zituen Jone Forcada emaztearekin batera. «Aitak maite zuen plaza hau, oso lasaia delako, zalaparta gutxi dago, nahiko ezkutuan dago», azaldu zuen bere semeak, Joseba Alvarezek.

Plaza horretan dago, hain zuzen, Txillardegik testu batean aipatu zuen lehoiaren eskultura. «Denborak ez du inor ezer barkatzen» esaldiarekin hasi zen atzo Fito Rodriguez idazleak irakurri zuen testua. Donostiak harresiak zituenean lehoi hura Lehorreko Atean zegoen, hiriko leku pribilegiatu batean. Harresiak botatzean leku desberdinetan kokatu zuten, Lasala plaza txiki eta ia ezezagunean jarri zuten arte. Idazleak 1956ko egun batean idatzi zituen hitz horiek aurrerantzean plazatik pasatzen den orok irakurri ahal izango ditu, bertan oroigarriak jarri baitituzte; bai lehoiaren bai Txillardegiren beraren oroigarriak.

Atzo euria zela-eta, ez zituzten erabat finkatuta utzi, baina datozen egunetan ondo jarriko dituzte. Eguraldi kaxkarrak ez zuen, ordea, ordu erdi inguruko ekitaldia gelditu, eta Txillardegi ezagutzen zuten hainbat pertsona bertaratu ziren, tartean, Ramon Agirre aktorea, Tasio Erkizia politikaria, hainbat argitaletxetako editoreak edo udal gobernuko ordezkariak.

Debussyren piano pieza bat jarri zuten hasieran, idazleari asko gustatzen omen baitzitzaion: «Koldo Izagirrek ezagutu zuen egunean Debussy jotzen ari zen, partitura gabe», azaldu zuen Rodriguezek, ekitaldiaren gidariak. Izagirrek berak eta Joxe Austin Arrieta idazleak pare bat poema irakurri zituzten Txillardegiren omenez. Ekitaldia amaitzeko, euskaltzalearen etxea zenari begira dagoen lehoiaren eskulturan lore sorta bat jarri zuten.

Txillardegi liburutegia

Ekitaldian, Txillardegiri gorazarre egiteaz gain, Donostiako Udal Liburutegi Nagusiari bere izena jartzeko aldarria egin zuen beste behin Fito Rodriguezek. Honek azaldu bezala, idazle donostiarra hil zenean, udal gobernuak erabaki zuen berari Hiritar Merezimendu Domina ematea (PP abstenitu egin zen, gainerakoek baiezkoa eman zuten), baina liburutegiari izena aldatzeko proposamena egitean baztertu egin zuten: «PPk ezezkoa eman zuen ETAren inguruko argudioak erabiliz; PSEk inongo izenik behar ez duela esan zuen -beste liburutegi batzuek badute izena, adibidez, Ernest Lluch edo Imanol Larzabal-; EAJk esan zuen ez zegoela adostasunik. Horiek ez dira argudioak, baizik eta aitzakiak».

Joseba Alvarezek, omenduaren semeak, ekitaldiari «hunkigarria» iritzi zion, eta liburutegiari bere aitaren izena jartzeko proposamenari ere bai. «Beti izan da letretako gizona, liburuzalea eta liburutegizalea. Nire ustez, sormena da bizitzari piperra ematen diona eta gaur bi idazlek nire aitari eskainitako lanak bota dituzte. Era berean, aitari aitorpen bat emateko asmotan sinadurak bildu zituzten eta `Txillardegi Liburutegia Ekimena' martxan jarri zuten bere izena liburutegi bati jartzea eskatzeko. Uste dut berak gustura hartuko lukeen oparia izango zela», aitortu zuen.

Jardunaldiak eta liburuak idazlea goraipatzeko

2012ko urtarrilaren 14an Txillardegi hil zenetik hainbat eta hainbat kultur ekitaldi egin dira beraren omenez. Horien adibideetako bat da 2012ko maiatzean Kontseiluak eta Batzen-ek antolatu zituzten jardunaldiak. Txillardegik euskararen eta euskal kulturaren alde egindako lanari errepaso bat egin zioten, goraipatuz.

Euskararen aldeko lan hori biltzen duen liburu bat ere argitaratu du Txalaparta argitaletxeak. Izan ere, 2013ko amaieran Joxe Austin Arrietak idatzitako «Berriro eta behin. Euskara dela eta Txillardegi gogoan» liburua kaleratu zuen. Liburua bi zatitan dago banatuta: batetik, Arrietak HUHEZI fakultaterako euskal kulturgintza modernoaren transmisioaz egindako hitzaldian oinarritutakoa, eta bestetik, Euskaltzaindirako egindako Txillardegiren hilberri txostenean oinarritua. Egilearen beraren esanetan, liburuan ez du ideia berririk plazaratu, baizik eta euskararen osasunaren inguruan egindako ikerketen laburpena da. Gainera, aditu ugariren hitzak bildu ditu, hitzaurretik hasita, Joxe Azurmendi idazlearena baita. N.B.