Arantza Santesteban
Historialaria
JO PUNTUA

Gamonaleko «choniak»

Genero, adin eta jatorri anitzeko subjektu heterogeneoa da borroka hauek lehenengo pertsonan kontatzen dituena. Betiko «Gu» horren esanahia zabaltzen eta indartzen duena

Choniak», «caniak», «perroflautak», «chiquilicuateak». Erdarazko maileguak dira eta sarriegitan erabiltzen ditugu gure hizkuntza desklasatuan balizko piramide sozialean behean daudenak izendatzeko. Egunotan Gamonaleko kaleetako aldarrikapen eta mobilizazioetan sentitu eta entzun ditugu. Eta sare sozialetan asteko txiorik ederrena izan da: «Hay más diginidad en una sola choni de Gamonal que en todo el Ayuntamiento de Burgos».

XXI. mende hasiera honetan badira egin beharreko ariketa urgenteak. Hemen eta orain. Esaterako, nola osatu eta izendatu berriz ekoizpenerako baliabideen jabe ez den pertsonen multzo zabala. Eztabaidagai dago ea hori langile klasea den. Klasea, errealitate soziala azaltzen duen kategoria baliagarria ote den. Eta izatekotan, klase horren barruan dagoen errealitate anitza azpiklaseetan banatzen den, ala ez. Une honetan, ezkerreko ahots eta mugimenduen artean hamaika izen dago «horri» deitzeko: prekarizatuak, behe eta ertain klasea, klase pobretua, baztertu sozialak, jendetza, %99a... Eraldake- ta proiektuetan murgilduta gaudenontzako berebiziko garrantzia duen eztabaida da, zalantzarik gabe. Izen perfektua bilatzeko baino, errealitate soziala irudikatzen asmatzeko baizik. Mila galdera eta ziurtasun gutxi.

Eguzkia egunero alde beretik irtenagatik ere, ez du beti berdin argitzen.

Halaxe pasatzen da Gamonal auzoko gertakariek eguneroko albistegiak eta sareak betetzen dituztenean. Hara joaten zaigu atentzioa, interesa, zirrara. Halakoetan, polemika eta anabasaren erdian, arreta deitzen dio «baztertu sozial» edota «maila baxueneko» talde horren barruan sentitzen ez den norbaiti gertaeren lehen lerroan «choniak» eta «caniak» ikusteak. Bere imaginario lausoan langile klasearen paradigma gisa duen lan jantzi urdineko gizon zuria nekez irudikatua ikusten duelako. Horren ordez, edo horrekin batera, aktore eta aktoresa berriak ikusten ditu: «choniak», «caniak», «chiquilicuateak», emakume helduak, auzo elkarteko gizonak.

Halakoekin egunero ikasten dugu errealitatea aldakorra dela. Klase borroka -edota esan dezagun, ekoizpen baliabideak dituzten eta ez dituztenen arteko borroka- produkzioaren fabriketan ez ezik, espazio erreproduktiboetan, alegia, auzo eta hirietan, ematen dela gero eta gehiago. Neoliberalismoaren eta deslokalizazioaren bidez zatitu, barreiatu eta sakabanatu zituzten desjabetuen arteko aliantzek, elkar- gune berrietan egiten dute topo egun: etxebizitzan, auzoan, oinarrizko zerbitzuen defentsan.

Gauzak horrela, ez da lan jantzi urdina duen gizon zuria bakarrik aliantza hauen protagonista. Genero, adin eta jatorri anitzeko subjektu hetereogeneoa da borroka hauek lehenengo pertsonan kontatzen dituena. Betiko «Gu» horren esanahia zabaltzen eta indartzen duena. Aspaldian ikusten ez genituen garaipen txikiak lortzen dituena.

Atzo, telebistako eztabaida batean «Abc»-ko kazetari batek esan zuenari buelta emanda, aste honetan ikasi dudana hau da: ezberdinen arteko indar kolektiboa inteligentzia politikoz artikulatzeak, Burgosen zein Euskal Herrian, posible denaren espazioa zabaldu egiten duela.