Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Dakarrek daroana

Dakar ez da gehiago Afrikan izango, Senegalek kontinente horretan segituko badu ere; hango giza-baliagaiak Europaranzko bidean, sigi-saga, hauts bihurtzera kondenatuta segituko badu ere. Eta Sahara zabaleko hautsarekin bat egiten ez duten lagunek burdinazko hortz apropos zorroztuak izango dituzte mugan zain, gose. Europak Afrikan ezarritako mugan. Hego Amerikan dago jada Dakar, eta bertan gelditzeko asmoz, itxura batean behinik behin, horrek dakarren guztiarekin. Hala ere, Parisek Frantzian segitzen du, eta hortxe segituko, antza, Senak berak Mediderraneorako bidea hartuko balu ere. NATO ere ez da gehiago Ipar Atlantikoan izango, ustez itsas eremu horren lur-bazterrak babesteko sortua bazuten ere. Zer hobeto ozeano zati bat babesteko beste ozeanoetako bazter guztietan gatazkak hauspotzea baino! Horien artean Pazifikoa bera balego ere! Ozeanoak bare? Bai zera, Ipar Atlantikoan baino ez, bare, arrainei gerra baina. Ama, ama! non utzi duten ozeanoetako zoru etikoa!.

Tira, harira! Dakar eroan dute, Atlantikoz bestaldera. Autoak eta motoak berarekin eroan ere. Lastima gure beheko Estatu antzeko zer horren epaitegi nazionaleko auto guztiak ez dituztela behingoz hara eroan! Lehenengo etapan bertan pieza okerrez matxuratuko balira ere! Ez, ez pentsa txarrena opa diodanik hango hautsari, Atacamako harea ataka larrian jarri gura dudanik, ezelan ere ez, baina batzuetan gure hego hurbilean den ustela urrun ikustearren ez naiz konturatzen urruneko lagunen sudurzuloak buxatu ditzakedala; barkamena eskatzen diet, hortaz. Moto guztiak Dakarrera eroan? Ez! Frantziako buru sozialistarena Parisen geratu da, momentuz. Eta mihi gaiztoek diotenez kilometro dezente egiten du horrek gauetan; nonbait Parisen merkeagoa da gasolina gauez egunez baino. Hori bai, kaskoa burutik askatu gabe... gau osoan edo. Tira! motorra dela edo mokorra dela a ze jaiotza muntatu duten! Amen! Lehenengo dama bigarrena ote den... Baina damatan gaudela, zein lehenengoa Vaticanoko gobernuan? Uu! Uu! Dama, dama! Hamaika ikusteko gara gero! Euskal Herria ere garai batean Kantauriko Albania omen zen izatekoa, baina hori ere aldatu dute; orain Ipar Korea omen dugu ispilu! Uu! Uu! Ene, ene! Zenbat kalte egin duten atlasek errepublikanoen artean!