Asun AGIRIANO
HAUR LITERATURA

«Delicatessen» liburuak

Beti da pozgarria argitaletxe berri bat jaio dela iragartzea. Sushi izen japoniarra duen Galiziako argitaletxeak «Ostiral» izeneko album ilustratua kaleratu zuen iaz, eta horixe aukeratu dugu urte hasiera honi ongietorria egiteko. Sushi Books argitaletxeak haur eta gazte liburuak Espainiako lau hizkuntzetan kaleratuko ditu: galizieraz, euskaraz, katalanez eta gaztelaniaz.

Bitxia «Ostiral» liburua, azaletik hasita, aurrez aurre elkar begiratzen dioten bi aurpegi misteriotsu horiek ikustea, Ostiral Robinson Crusoe ospetsuaren morroi hura zela konturatzen garen arte. Baina istorio hau ikuspuntu berri batetik abiatzen da, Daniel Defoe idazle ingelesak inoiz kontatu ez zuena, are gutxiago haurrentzat.

Ostiral da liburuaren protagonista, eta jakingo dugu tribuko buruzagiaren aginduak bete ez eta gizagaixoa uharte batera eraman eta erritu batean hiltzera kondenatu zutela. Ihes egitea lortu, eta, basoan gordeta, atsekabetuta eta beldurrez zegoela, oinatz batzuen arrastoa ikusi eta, erne-erne zain egon ostean, gizon bizar handi eta mesfidatia antzeman zuen, geroago bere adiskidea bihurtuko zena, «gizon zurbil, ahul eta beldurti bat besterik ez zen, txorimaloa zirudiena», Robinson ospetsua, alegia. Elkar ezagutu zuten eguna ostirala zelako, gizon beltza izen horrekin egin zen ezagun ordutik aurrera.

Liburuan bestelako Robinson eta Ostiral pertsonaiak aurkituko ditugu, lehendik, esaterako, Michael Tournier idazle frantsesak «Vendredi ou la vie sauvage» (1971) gazteentzat egindako berridazketan azaltzen ziren antzera, baina, oraingoan, haurrentzat moldatutako istorio batean. Santiago Freire (Moaña,1972) idazleak aurkezten digun ipuin honetan narratzailearen ahotsa ez da gizon zuri orojakilearena, beltz basati eta ezjakinaren mendebaldar ideia alderantziz irakur daitekeela frogatzen duen berrikusketa baizik. Galiziatik kanpo ilustratzen duen lehenengo liburu honetan irudi handiak, ilun eta gordinak osatu ditu Dani Padron marrazkilariak (Ourense, 1983), arkatzez hasieran eta ordenagailuz amaieran.

Zer pentsatu handia ematen duen irakurketa, adiskidetasuna eta kolonialismoaren ikuspuntu desberdina erakusten diguna, jakintza eta bakearen alde jartzen den kultura baten isla, eta bi gizon handiren istorio samur eta malenkoniatsua.

Horrela dio Ostiralek: «Pazientzia handiz, eta hezten ari ninduela sinetsaraziz, bizirik irauten irakatsi nion». Ez dago idazlearen aldetik pertsonaien epaiketa moralik, egileak irakurleei egiteko uzten dien zeregina izango da. Hobe, irakurleak 8 edo 9 urtetik aurrera badu, heldutasuna eskatzen duen testua baita, Robinson Crusoe eleberri klasikoa ezbaian jartzeko gonbitea luzatzen digun aukera originala.