Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Indarkeria politikoaz

Pasa den astea Gamonal auzoko herritarren astea izan zen. Azkenean, herri ekimenak irabazi du; erdipurdiko promesa batekin konformatu ez eta auzotarren nahia kontuan hartua izan den arte lekutik mugitu ez den herri ekimenak. Tartean, manifestazioak, protestak eta istiluren bat edo beste, atxiloketak barne. Izan ere, protesta egitea garesti dago egun. Eta, zorionez, elkartasuna eta irmotasuna tinko.

Burgosko aferaren harira, beste ezeren gainetik istiluak nabarmenduta eta funtsari baino ondorioetako bati helduta, Espainiako Gobernuko presidenteorde Soraya Saenz de Santamaria protesta egiteko modu egokiaren inguruan aritu zen, esanez balekoa dela adostasuna agertzea, desadostasuna, nork bere iritzia ematea, baina horrek guztiak indarkeriatik at egon behar duela, modu baketsuan adierazi behar direla usteak. Jokoak horrela funtzionatuko balu bezala: gobernuek erabakiak hartzen dituzte, herritarrok bat etortzen gara ala ez, geure iritzia adierazten dugu, denoi entzuten digute eta, horren arabera, erabakiak berresten edo ezeztatzen dituzte, betiere gehiengoaren arabera. Hori delako demokrazia, eta, jakina, bere alderdiaren estiloa.

Ni neu, emakume hori izango banintz, lotsak jango ninduke. Hipokresia dosi handia behar da hedabideen aurrean jarri eta, krisi ekonomikoak itota eta egoerak gainezka dituen herritar horien sumin eta desesperazioari muzin eginda, behar bezalako herritar zibilizatuak izateko jardunbide egokien inguruko diskurtsotxo bat botatzeko. Hipokresia dosi harrigarria, abortuaren inguruan gertatzen ari den guztia mahai gainean, bere alderditik bertatik hasita, iritzi emate soilarekin, hau da, bestelako presio bideak jorratzeko beharrik gabe, herritarrok geure partea egina dugula adierazteko. Gallardonen lege hori da adibiderik garbiena PPren estiloa zein den ikusteko. Hala nola, Espainiako Estatuan «demokrazia» kontzeptua nork bere etekina lortzearekin aiseegi nahasten dutela egiaztatzeko. Horretarako, batzuetan Europa baliatuko dute euren proiektua babesteko, komeni denean; besteetan, aldiz, Europako Batasunaren barruan gaudela ahaztu egingo zaie, aurrerakoiegia suertatzen denean. Hemen, jendartearen gehiengo argia emakumeon eskubideen kontrako atentatu garbia den lege horren kontra gaude; Europan, eskandalizatuta eta kezkatuta horrek dakarrenarekin, eta ekar dezakeenarekin; Santamaria eta Gallardonen alderdian bertan, egonezina inolako adostasunik gabeko lege garrantzitsu hori aurrera ateratzeko temarekin. Eta, halere, herritarron ekintzez dihardute, gaitzetsiz.

Indarkeria ez al da, presidenteorde andrea, nagusitasun eta botere posizioa baliatuz nork berea inposatzea? Indarkeria ez al da pertsonak onartuak ez diren legeen mende bizitzera behartzea? Indarkeria ez al da, poliki-poliki, herrialde oso bat ekonomikoki, kulturalki eta sozialki iragan ilun batera eramatea? Kalean, herritarronak diren kaleetan, geure iritziak adierazi eta protestatzeko eskubidea ere mugatu nahi duen alderdi batek, indarkeria politikoa egunero darabilenak, ez luke herritarron erantzun suminduaz harritu beharko, baizik eta entzun.