Jon GARMENDIA BIARRITZ

Donostiako Zinemaldiak, IBAIAk eta Biarritzeko FIPA jaialdiak harremanak estutu dituzte

«O Samba» filmak eman dio irekiera Biarritzeko FIPA jaialdiaren 27. edizioari. Donostiako Zinemaldiarekin eta IBAIA euskal ekoizleen elkartearekin lankidetza hitzarmena sinatu dute festibaleko arduradunek.

Kulturak badu gaitasuna urruneko lurraldeak elkartzeko, eta baita gertu egonagatik ere urrun aurkitzen direnak gerturatzeko. Atzokoan halako zerbait gertatu zen Biarritzeko Ikus-entzunezko Programen Nazioarteko Festibalean (FIPA). Hego Euskal Herriko zinemaldirik garrantzitsuenaren ordezkariak bildu ziren Ipar Euskal Herriko hiri horretan, Donostiako Zinemaldikoak, Jose Luis Rebordinos zuzendariaren magalean, eta baita IBAIA euskal ekoizle burujabeen elkartekoak ere, Joxe Portela lehendakaria buru zutela. FIPAren zuzendari nagusia den François Sauvagnargues zeukaten zain hiruko akordioa gauzatzeko.

2007tik abiatuak zituzten elkarlan saiakerak, eta atzo lau puntu nagusirekin eman zioten amaiera hitzarmenari: Bi ekitaldiei buruzko informazioa zabaldu eta sustatzea nazioarteko ikus-entzunezko proiektuen parte-hartzea bultzatzeko, hautaketa batzordeetan parte hartuko duen ordezkari bat izendatzea, foro bakoitzean aurkeztutako proiektuei beste foroan parte hartzeko aukera ematea, eta beste foroko ordezkaria norberaren foroan hartzea.

Albiste on bat da elkarlan hau nazioarteko ekoizpenak euskal lurretan bildu eta bertakoak hedatzeko, baina batez ere mugak zatitutako euskal lurren kultur eginahalak hurbiltzeko.

Hogeita zazpigarren urtea dute Biarritzen FIPA antolatzen dutela, eta mundu osoko telesailak, dokumentalak, erreportajeak, fikziozko lanak, eta musika eta ikuskizunaren arloko obrak plazaratzen dira bertan. Aurten 25 herrialdeetako 93 lan lehiatuko dira sail ofizialean, eta 1.200 lanen artetik hautatu dituzte haiek. 6 sekzio izango ditu FIPAk eta bakoitzarentzat 3 epaile izendatu dituzte, 18 dira orotara beraz. Sail ofizialetik kanpo gazte sortzaileen lanak ere ikusi ahalko dira eta baita lehiatuko ez diren beste zenbait ere, guztira 60tik gora.

Urtero arrakasta gehiago dauka festibal honek, bai sortzaileen lanak errezibitzerako orduan eta baita publikoak emandako erantzunaren arloan ere, agian, horregatik aurkeztu dute berritasun bat aurtengoan, lehen, sektore desberdinetan lan egiten zuten ekoizle eta profesionalentzat ziren aurkezpenak eta sortzaileekin egoteko aukera, aurtengoan publiko zabalak ere ukanen du parada horretarako.

Brasilgo ekoizpenen gorakada

Ardatz nagusi bat ere izanen du festibalak aurtengoan, justuki ehun urte betetzen baitira Lehen Mundu Gerra gertatu zenetik, eta hura izanen da jorratuko den gai nagusia. Brasil izanen da beste zutabe garrantzitsua, «herrialde horretan sekulako indarra hartzen ari baitira ikus-entzunezkoak, eta ekoizpen kopurua ere erraldoia da han, beraz, pentsatzen dugu merezi duela hedapena emateak, munduan hobekiago ezagutarazteko hango berri, eta hangoa gugana gerturatzeko aldi berean»; hala adierazi zigun François Sauvagnarguesek, bigarren urtez FIPA festibala gidatzen duen zuzendariak.

Brasileko «O Samba» filmarekin eman zioten irekiera ofiziala festibalari Gare du Midi antzokian atzo arratsean, Georges Gachot zinema zuzendari suitzarrak eginiko dokumentala da berau, non sanba dantzaren bideetatik abiatuta Brasilgo kultura anitzaren berri ematen den.

Telebista kateen ekoizleek FIPA industry dute berrikuntza gisa aurtengoan, eta sorkuntzak partekatzeaz gain han salerosiko dituzte telesail ezagun egin ohi diren lanak.

Ezinezkoa da lan guztien aurkezpen bat egitea lerrootan, baina Gare du Midi antzokian lehiatuko diren dokumental hauek adibide gisara emanaz: «14, des armes et des morts» Jan Peter frantsesarena, non 14 pertsona baliatzen dituen Lehen Mundu Gerran zibil izanik edo soldadu, eta frontera deiturik edo kartzeletan, edo hirian gosez, egoera desberdinak islatzen dituen. Flavio Fredericoren «Em busca de Iara», Brasilgo diktadurak atzeman nahi zuen Iara Iavelgerri buruzkoa, eta zeinak haren suizidio ofiziala Salvadorren 1971. urtean ezbaian jartzen duen. Edo François Pierre-Olivierren «Corée, l'impossible réunification», bi Koreen arteko zatiketaz.