J.L.
Harri-jasotzea

Irigoien buru dela jokatuko da Iraetako Errota Harria Txapelketa

Aimar Irigoien buru dela jokatuko da bihar 17.30etik aurrera Iraetako pilotalekuan Errota Harria Txapelketa. Aimar Irigoien izango da buru, berak parte hartzen duen bakoitzean bera izaten baita faboritoa.

Errezildarrarekin batera, Izeta II.a, Izeta III.a, Izeta IV.a, Eizmendi, Urrutia, Telleria IV.a eta Urruzuno neurtuko dira. Harri-jasotzaile bakoitzak bost minutuko txanda bat izango du lanerako.

«Errota» harriak 108 kilo pisatzen ditu, eta bola itxurakoa da. Irigoien da egungo txapelduna, eta harri honekin ere berak dauka marka 79 jasoaldirekin. Marka hori norbaitek gainditzen baldin badu, sari berezi bat jasoko du.

Ingude-altxatzea

15.00etatik aurrera jokatuko da gaur Hendaiako Daniel Ugarte pilotalekuan ingude-altxatzeko Euskal Herriko finala. Zazpi kirolari arituko dira txapelaren lehian.

Joxe Lapazaran, Peru Hiribarnagarai eta Unai Ardeo izango dira Bizkaiko ordezkariak, Arthur Van der Putten eta Gerard Chotro Lapurdikoak, Josetxo Urrutia, Nafarroakoa, eta Aritz Izuzkiza, Gipuzkoakoa, nahiz eta berak Nafarroako Federazioan daukan lizentzia.