Juan Mari Arregi 2014/1/24
argia.com
HEMEROTEKA

Davos, kapitalismoaren egoitza

Davosen, Suitzako luxuzko eski estazioan, 2.500 lagun bildu dira munduko elite politiko, sozial eta ekonomikoak ordezkatuz. Hortik atera den argazkian ikus daiteke egiaz munduan zeinek agintzen duten. (...)

Kezkatu itxurak egin dituzte desberdintasunen eta gazteen langabeziaren aurrean, baina beraiek dira horien arduradun. Azkarrak dira oso, badakitelako desberdintasun eta langabezia hori jasaten dutenek leherketa soziala eragin dezatela. Horregatik diote neurriak hartu behar direla egoera horiek arintzeko. Eta hain azkarrak direnez, enplegua kaskartzeaz arduratu dira, lan harremanak desarautu dituzte eta lan kostuak murriztu (soldatak, indemnizazioak, kaleratzeak...). Ustez enplegua murrizteko hartu dituzte neurriok, baina esklaboak eta gizaki otzanak sortu dituzte, XXI. mendeko pertsonak izan beharrean. Euren interesa eta ardura ez da pertsonen duintasuna, interesatzen zaiena da formulak bilatzea, itxuraz humanoagoak, kapitala pilatzen segitzeko inolako erantzun sozialik gabe. Eta politikariak ondoan dituzte, paradisu fiskaletan eskurik sartu ez dadin, zerga handiegirik jar ez diezaieten, eta krisi egoeran, bankuak erreskatatu daitezen diru publikoz. Hori justifikatzeko prentsa erabiltzen dute gainera! Davosek kapitalismoaren argazki garden hori eskaini digu.