Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Suitzatik dator notizia...

A! Suitza! Gailur zorrotzen zuria, kremailerazko mendi-hegalak, haran lauen zabala, ortzadarrak baino kolore gehiagoko behiak, zulo-tamaina guztietako gaztak, pentsaera aldrebeseko kantoiak, papagaiak asetzeko txokolateak, munduko ordua zehazten duten erlojuak, diru zikinaren belusezko aterpea, fiskalen paradisua... eta lakuak! Eta lakuen aldamenean hotelak, Estatu Batuen banderak besteko izarretakoak, eta hotelotan goiko bilerak. Horra azken egunotan munduko begiradak erakarri dituena, G-II. Bulegotako begi asko moketatik hara begira, kaletako begi gehiago hondamenetik negar-minak itsututa dauden bitartean. Lanerako hartu-eman berrien inguruan ari dira; omen, amen! Gobernua eta oposizioa G-II horren mahai bueltan, Gipuzkoa IIan hain zuzen. Gobernuaren izenean fundamentuzko Aldundia; oposizioarenean Adegistango alian- tza fundamentalista, emirerri batzuen babespean. Hartu-eman berriak ezarri nahi aliatuen aliantzak, krisiaren abagunea baliatuz lumak atera eta Urumea Igeldotik pasarazi nahian, ubidearen eraikuntza euren esku hartuta. Berbetan sutsu ari dira mahaiaren bueltan opositore batzuk, beste batzuk leihotzarretik belardiko behiei begira ari diren bitartean. Aldi berean kanpotik behiak barruko opositoreei begira ari dira, abiadura handiko trenari begira bezala, bazkatzeari utzi gabe. Aliatuak itzultzailea eta guztiz dira joanak, Aldundiari hartu-eman berriena argi uzteko asmoz, okasiorako Hegoafrikako erreferentearen hiletan itzulpen lana egin zuen hura azpikontratatuta.

Bai, hartu-eman berriak ezarri nahi, lan-eremuan. Eta bide batez eremuaren mugak aldatu ere. Eta eurak mugalari. Oso argi utzi dute zeintzuek eman behar duten eta zeinek hartu. Eta non, eta noiz, eta nola. Boxeoa gogoan! Eta sparring-ak! Eskubideak soken arteko ringera mugatzeak eskuetarako bidea zabaltzen du, handik kanpo ere. Osasunez! Baina Adegistango delegazio bi ari dira Suitzan. Bigarrena beste hotel batean dago; ez dakit ondoan lakua duen, baina seguru Lakuak hantxe izan nahiko zuela. Davosen dira, Munduko Ekonomia Foroko hotelaren atarian, pankarta eskuan kasu honetan, klubean onartua izateko eskubidea eske. Ama, ama! Pentsatzea ere mundu guztiak planeta berean direla! Baina hala den bitartean, eskubideak gauzatzeko ez da batzuei eskabiderik egin behar. Are gutxiago hemengoak hangoei.