Jon Garmendia
Idazlea
JON ANZAREN DESAGERPENA

«L'homme qui a vu l'homme», liburu interesgarri bat

L'homme qui a vu l'homme (Gizona ikusi duen gizona) aurkeztu zitzaigunean, Jon Anzaren desagerpenak inspiratutako fikzioa zela erran zitzaigun, nobela beltza, thriller bat. Nobela beltzak ordea, ezustekoen beharra dauka, jakin-mina sortu behar du, uneoroko intriga bat gertakarien inguruan. Kontakizunak ez du berezkoa izan behar. Kontua da, Jon Anzaren inguruko gertakarien jarraipen hurbila egin duen pertsona ororentzat nekeza dela sorpresarik aurkitzea liburu hau irakurtzerakoan. Gerra zikina gogoan duenak, Euskal Herriko gaurkotasun politikoa segitzen duenak, kontakizunaren hurrengo pausoa aurreikusi eginen du. Nolabait, karikatura gisa harilkatua da kontakizuna, amorruz eta gogortasunez agertzen dira euskaldunak, kontzeptu anitzen erabilera nahaspilatsuak daude, bahiketaren ordez inkomunikazioa erabiltzen du autoreak termino gisa adibidez.... Baina liburu honen irakurleak, publiko zabala, ez dira euskaldunak. Frantsesez idatzia izan da, frantziar baten eskutik, eta berak dioen maneran, le Français moyen izanen dira irakurle nagusiak, preseski, Euskal Herriko errealitatea ezagutzen ez dutenak, eta Jon Anzaren aferari buruz fitsik ez dakitenak. Eta hor irabazten du balio doblea liburuak. Idazkia ez da kazetaritza lan bat, baina bertako protagonista kazetari bat izanik, langintza horren betebeharrei buruzko gogoeta baimentzen du idazleak: Jon Anzaren kasua nola ez da aipatua izan Frantziako hedabide handienetan? Zergatik heldu diote gaiari Pariseko kazetariek, odolaren usainak erakarrita izan ez bada? Kazetariak zer egin behar du, informatu ala ikerkuntzak egin? Edo biak, liburuko protagonista den Iban Urtiz kazetariak egiten duen bezala? Gertakari errealak oinarritzat hartuta, pertsonaia gehienen izenak dira eleberri honetan desberdinak, honela Jon Anza Jokin Sasco izanen da, eta bera du ardatz kontakizunak: 2009ko urtarrilean, prentsaurreko baten bidez, Jokin Sascoren desagerpenaren berri ematen dute bere arreba Eztia eta anaia Peiok. Iban Urtiz, kazetari erdaldunak, eginen dio jarraipena gaiari «Lurrama» egunkariarentzat. Gaia lantzen doan heinean, ezagutzen ez duen errealitate batekin egiten du topo kazetariak: bahiketak, legez kanpoko galdeketak, tortura... Bestetik, desagerpenaren inguruan ikerkuntzak aitzinatu arau, Jokin Sascoren senitartekoen mesfidantzarekin aurkitzen da, eta baita desagerpenaren arduradunen presio eta mehatxuekin ere. Jokin Sascoren hitzak ere ageri dira lehen pertsonako kontakizunean, non bere bahiketa deskribatzen duen, Landetako autobide area batean lau gizon kaputxadunek autoko maletategian sartuta, galdeketak egiteko eramaten dute norabait, tratu txarrak eraginaz torturatu egiten dute, eta bortxaren bortxaz eskuetatik ihes egiten die militantearen biziak.