Maider IANTZI
SUNBILLAKO KARROZAK

Parodiarako grina odolean daramate herritarrek

Sunbillan inauterietako egun handia ospatu zuten atzo. Herritarrek aunitz bizitzen dute eta ilusio handiz prestatzen dituzte karrozak. Irudimena martxan jarriz eta ideia xelebreenei forma emanez, urtero jendea harritu eta primeran pasatzen dute.

Malerrekako txoko honetara ailegatu eta auto ilara batekin egin dugu topo. Inguruko herrietatik lagun ugari etorri da, baita urrunagotik ere. 11.00k dira eta opil usaineko kaleetan barneratu gara aurtengo sekretuak deskubritzeko asmoz.

Alicia Martin eta Mertxe Anzizar lesakarrekin elkartu gara lehenbizi. Bizikleta aparkatzen ari dira. Ongi ekipatuta egin dituzte Sunbillara arteko 18 kilometroak. Fruitu idorrak janez kontatu digute plana. «Inauteriak ikustera eta gosaltzera etorri gara -erran digu Mertxek-. Gurasoak hemengoak ditut eta denetik ematen didate! Eguraldi ona dugu, gainera». Egia da, goxo dago. Ez dakigu sunbildarrak jende ona diren edo deabruarekin ituna egina duten, baina euriak su-etena eman die.

Mari Jose Gelbenzu, Maite Etxenike eta Arantxa Anzizar salda beroa zerbitzatzen ari dira. 24 urte daramate horretan eta jendeak estimatzen die. 300 litro banatzen dituzte.

Barbie-ak bero daude dagoeneko. «Momentuan gogoratu eta segituan egin dugu karroza», aitortu du Arrixko-k titiek kamisetatik salto egiten diotela, dantzatzeari ezin utzita. Xabier Petrirena eta bere lagunek lan gehiago hartu dute aterpea eta eskiatzeko pista muntatzeko. Adiskideek etengabe zirikatzen gaituztela kontatu digu Xabierrek ezberdin bizitzen dituztela inauteriak ezkonduek eta ezkongabeek. «Ezkongabeak eskean ibiltzen dira, eta ezkonduok ostiraleko afarira eta desfilera ateratzen gara». Ezuste polit bat dute gordeta: Orkoiengo Espectáculos Colorín enpresako David Palomequek aparrarekin xuri-xuri utziko du ibilbidea.

«Alaska y Mario» gurdian, «A quien le importa» abestiaren erritmoan doaz Natalia, Josune eta Helena. «Pila bat gustatzen zaigu. Gurekin ongi doaie!» diote libre mugituz. Herriari buelta ematen ari dira, bidearen bi aldeak, leihoak eta balkoiak jendez lepo. Badira kale estu eta malda zailak, baina pasatzeko lanak umorez hartzen dituzte.

«Lehengo kontrabandisten bizimodua» dio kartel batek, paraje honen berezitasun bat agertuz. Zakuarekin lasterka doa lagun bat, eltzetzu-ak segika dituela. Aitatxi-amatxiak baserrian daude, meta baten ondoan. Atzerago, tripaundiz betetako Aduana, eta Xareta.

Urtzi donostiarra da. Sunbillara ezkondu zen eta, horrekin batera, inauterietan sartu. Eskolako ume eta gurasoek bi karroza prestatu dituzte: Teo eta Ali Baba.

Zubia pasa eta helmugara iristen hasi dira. Aurrena, jana eta edana banatzen dutenak. Hauekin batera, zozketako txerria eta bildotsa, eta ondotik inauteria: aipatutako karrozak eta gehiago, dagoeneko nahasiak, gauza aunitz xehetuak edo galduak, baina kontent. Bazkaldu eta Ulibeltzak elkartean segituko dute besta. Kaleak isildu dira. Heldu den urtean berriro.