Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

Barrapeko kakoen manifestua

Nik ere ziurtasuna ematen didan munduaren alde goxoa kontserbatu gura nuke. Sorkuntzaren funanbulismotik jaistean non erlaxatu izateko. Nork ez ditu maite txikitatik ezagutu eta ingurune ezagun batean babestuta sentiarazten gaituzten detaileak?

Batzuek diote ez dagoela gauza berririk eguzkiaren argipean, gauza guztiak asmatuta daudela. Oraingoz materialki egin ezin direnak ere, pentsaturik ei daude jadanik. Beste batzuek, guztia egiteke dagoela diote. Poltsikoetan ditugun harriekin egin behar dugun harresia gure buruetan baino ez dela. Hori ere, berez, izateko beste modu bat den arren. Jarrera biak gure baitan elkartu eta guztia mugitzen duten indar biren ondorio dira. Edo hori esango liguke tibetar batek, bere lauburu sinplifikatuari begira. (irakurle maite, materialak ez diren gauzei izena ipintzeko arazoak badituzu, irakurri ezazu «interes» nik «indar» esaten dudan lekuan).

Lehenengoek ziurtasuna ematen dien mundu ezaguna ahalik eta aldaketa gutxienekin kontserbatu guran inbertitzen dituzte energiak. Harea legez, atzamar artetik ihes egiten dien errealitatean, ekintzen sekuentzia kaotikoaren erdian aterpe bat eraiki nahian. Bigarrenek, sorkuntzari eskaintzen diote bizitza, iraganaren pisua ahal bezainbeste gutxituz, eta ondorioz, sarritan, berritasuna ahaztutakoa berreskura- tzea bihurtuz, hori bai, beste izen batekin eta aurretik existitu izanaren kontzientziarik gabe. Aurreko belaunaldiei ez jasotakoa ahaztutakoa baita, kulturalki. Maila pertsonalean, gure aurreko belaunaldien ohitura eta bizimoduari baliotsu irizteko besteko interesik ez izatearen ondorio izan liteke. (sustraiei eustearen militanteok, «interes» idatzi dudan lekuan «indar» irakur ezazue). Javier Herranek La Tia Nelan dioen legez: «Idealistak ziren euren erara. Ni ez nintzen konturatzen zein gaitza den mundua kontserbatzen ahalegintzea eta uste nuen soilik sorkuntza zela xalotasun eta idealismoaren premia zuena». Denboraren linealtasuna errespetatzen ez duen kontserbazio eta sorkuntzaren arteko gatazkan Jurgi Oteizak harrespila ikusi zuen konponbidearen muinean. «Historia aurrean dago abangoardia!», aldarrikatu zuen. Eta Mikel Laboak Bereterretxeren Kantoria zaharra onomatopeia ulertezinen dikzioz kantatu zuen, kontserbatu eta sortuz aldi berean. Euskal kultura modernoaren aportazio unibertsala, ziur egon gintezkeen arren beste mila lekutan egin izan dela: sortu kontserbatzeko. Eta kontserbatu, sortzen jarraitzeko.

Nik ere ziurtasuna ematen didan munduaren alde goxoa kontserbatu gura nuke. Sorkuntzaren funanbulismotik jaistean non erlaxatu izateko. Nork ez ditu maite txikitatik ezagutu eta ingurune ezagun batean babestuta sentiarazten gaituzten detaileak? Sinbolikoak batzuetan, Bilboko Kafe Antzokiko gauen epitafioa den «Zenbat gara» kanta entzutea bezalakoak. Praktikoak besteetan, tabernetako barrapean gure jakak eta poltsak eskegitzeko desagertzen dabiltzan kakoen modukoak. Kaleko hotzetik barruko berora egokitzeko euskal arropa kipularen behar beste mintz kendu eta biluzik ez sentitzeko aukera ematen digutenak. Lasaitzen gaituztenak, bertan eskegitzen ditugu gure zorro-polar garestiak, etxeko giltzak eta kartera gure edalontzipean. Eskura edozertarako, baina ez aldean. Gaiztakeria eta kaoserako ate baino ez diren mahai gaineko zein pertxeropeko arropa metek eragindako ezinegonetik aske.