Xabier Silveira
Bertsolari
JO PUNTUA

Zuentzat

Espero dut, gauzak bere tokian, hala behar luke, nire lumaren ordezkoak ukabilak gogor estutuaraziko dizkizuela, haginak zorroztuko, aizkorak bailiran

Errefuxiatu, giltzaperatu eta sasiko gudari: zuek zarete gure eredu, zuek tuneleko argi. Zuek gabe herri hau ez da ezer, ezer ez da herri zuek gabe. Zuek zarete gure ametsen zutabe; etorkizuna begiratzeko dauzkagun milaka eguzki izpi. Eta ilargiaren irribarre.

Negarrez den umearen zotina isilduko duen gozoki marrubizko zarete zuek, uniformedun munstroak amesteko beldurrez oheratzen gareneko munstro horien beraien amesgaizto bihurtzen den superheroi. Handitan izan nahi genukeena zarete, eta kito.

Iritsi izan zait eskuetara zuen ilunpeetatik igorritako gutunik, miniaturazko letretan bihotzak marrazturik zeuzkatenak. Egin behar ez nukeen arren, gorderik ditut oraindik gehienak; egia da ez ditudala birritan irakurtzen, baina badakizue zergatik? Berehalaxe korritzen delako tinta erabiltzen dituzuen kalitate eskaseko boligrafo horiekin. Edo nire malkoak azido sulfuriko ote dira, bada? Eta ez, ez dut de guay joan nahi, ez dut minberatasun apartekorik jaso nahi. Izan ere, askotan, zuen berri izatean, konturatzean zuen zulo hotz horretan nitaz gogoratzeko une bat baduzuela; tristatu ez, poztu egiten naiz. Poztu, bai; ni bezalako patan batez oroitzen bazarete, nola ahaztuko duzue etxea? Nola lagunak eta herria? Urruti eraman zintuzteten edo joan behar izan zenuten, baina badakit eta badakizue hementxe zaudetela. Ez dago distantziarik herriarengandik banatuko zaituztenik. Ez horixe! Gutun guztietan gertatzen zaidan bezala ez dakit zer esan, horrenbeste gauza idatzi nahiak burua blokeatu egiten dit; gertatuko zitzaizuen askotan, ezta? Joe! Ziur gertatu zaizuela horrenbeste gutun gora eta behera ibiltzen zaretenei. Amari, aitari, bikoteari, osaba-izebei, kuadrillakoei, ez dakit zein herritan ezagutu genuen neska edo mutil sekretu hari, herriko gazteei -nor diren ere jakin gabe-... Zuen begietan ziur desberdina dela, «Karteroak beti deitzen du bi aldiz». Siempre siempre, nunca nunca. Zuetako askok ez duzue hitz sorta hau inoiz irakurriko, eta baliteke arrazoia euskararen ezagutzarik eza izatea. Kasu horretan zuen kideren batek irakurriko zuenez, berak itzul diezazuela ahal duen neurrian. Hori bai, itzultzen duenerako euskara ikasteko gogoa gutxienez ekarriko duzue etxera. Ea horrela... Benga ekipo; GARAko hauek xuhur hutsak dira, eta ez didate orri zati hau baino ematen. Erregionaleko futbol sailkapenaren taulak gehiago salarazten omen du, eta iritzi artikulu hauek... Ba hori maiteok, eutsi gogor, hau irabazita dago-eta. Musu erraldoi bana. Asko-asko maite zaituztegu. Gora Euskal Herria eta askatasuna!»

2005. urteko martxoan idatzi nizuen hau. Ez dut gaur orduko sentimen horien aztarna sentitzen. Ez, nola? Negarrez agurtzen zaituztet, eta banoa, mugitu ere egin gabe, banoa, lehenbailehen itzuliko zareten desio neurgaitzez, banoa. Banoa ez zaidalako gelditzen nire biziraupenerako premia-premiazko ez den indarrik. Ez zaidalako gelditzen ez ilusiorik ez grinarik jardun honetan jarraitzeko. Espero dut, gauzak bere tokian, hala behar luke, nire lumaren ordezkoak ukabilak gogor estuaraziko dizkizuela, haginak zorroztuko, aizkorak bailiran. Besarkada estuena jaso, agur eta ohore adiskideak, mendeetako argia zuentzat, nafar gudariak.