Jon LEUNDA
Sokatira | Euskal Herriko Goma Gaineko Txapelketa

Abadiñok nagusia bera dela erakusten jarraitu nahi du

Urdulizen jokatuko da 600 kiloko lehen faseko azkeneko jardunaldia, eta sei onenak sailkatuko dira.

Euskal Herriko Goma Gaineko Txapelketako jardunaldiak gaurko saioa bakarrik izango du, 17.00etik aurrera Urdulizko pilotalekuan izango baitira ekinaldiak. Alde batetik, gizonezkoen 600 kiloko bigarren saioa jokatuko da, eta bestetik, berriz, nesken 500 kiloko bigarrena.

Gizonezkoen saioa oso garrantzitsua izango da; izan ere, lehen faseko bigarren eta azken jardunaldia jokatuko da, eta bi saioetako puntuak batuta jakingo da zein sei talde arituko diren datorren astean Bilboko La Casillan jokatuko den final nagusian. Lehen jardunaldian Abadiño izan zen onena, eta txapela lortzeko faborito nagusia izango dela ere argi eta garbi utzi zuen. Bere atzetik, Sokarri, Ñapurrak A, Iparralde, Murueta, Ibarra, Ñapurrak B, Nabarniz, Txantrea eta Lagun Onak sailkatu ziren.

Emakumezkoetan, berriz, 500eko lehen jardunaldia jokatuko da. Hiru jardunaldiko ligaxka da, eta horren ostean punturik gehien dituen taldeak jantziko du txapel preziatua.

Ibarra, Gaztedi, Badaiotz eta Bizindar lehiatuko dira pisu honetan. Jadanik 540koa jokatu da, eta horretan sekulako lehia izan zuten Gaztedik eta Ibarrak, eta pisu honetan ere lana izango dute. Gipuzkoarrak gailendu ziren han, eta orain bizkaitarrak saiatuko dira horri buelta ematen, denboraldia txapelik gabe ez amaitzeko. Badaiotz ere kontuan hartu beharko da.

Ingude-altxatzea

Joxe Lapazaranek irabazi zuen joan den larunbatean jokatu zen Euskal Herriko ingude-altxatzeko Txapelketa. Bizkaitarrak 92 jasoaldi lortu zituen. Josetxo Urrutiak eskuratu zuen bigarren postua 86 jasoaldiarekin, eta Arthur Van der Puttenek eskuratu zuen, 80 jasoaldirekin, hirugarrena. Atzetik, Ardeo, 80rekin, Izuzkiza, 79rekin, Chotro 77rekin, eta azken postuan, berriz, Peru Hiribarnegarai bizkaitarra sailkatu zen 73 jasoaldi lortuta.