J.L.
Aizkora

Azurmendi eta Otaño, faboritoak, lanean hastera doaz

Iñaki Azurmendi eta Unai Otaño dira Urrezko Aizkora irabazteko faborito nagusiak, eta bihar, igandea, eguerdian, Leitzako pilotalekuan jokatuko dute lehen norgehiagoka. Ander Erasun eta Jon Rekondo izango dituzte aurrez aurre, Amazabal pilotalekuan, 12.00etatik aurrera.

Norgehiagoka oso garrantzitsua da; izan ere, B multzo honetan gauza asko erabaki daitezke. Unai Otañok eta Azurmendik irabaziko balute, finalerdietarako txartela ziurtatuta izango dute, eta lehen postua izango lukete jokoan, azkeneko jardunaldian.

Erasun eta Rekondo, aldiz, kanpoan geratuko lirateke, lehen jardunaldian galdu egin baitzuten. Azken hauek garaipena lortuko balute, dena azken jardunaldian erabaki beharko litzateke.

Bikote bakoitzak sei lan ezberdin egin beharko ditu, eta gero denetako denborak batu, eta emaitza onenak dituenak lortuko du garaipena.

Zilarrezko mailan asteburu honetan jai izango dute. Mugertza III.ak eta Larrañagak, eta Daniel eta Iker Vicentek jadanik lortua dute finalean aritzeko txartela, baina hiru izango direnez azken saio horretan, azkeneko bikotea zein izango den jakitea bakarrik falta da.