GARA

Errioxar ukitua izango du sanblasen bigarren egunak Idiazabalen

Atzo eman zieten idiazabaldarrek hasiera San Blas jaiei, Ampo kooperatibako kideen eskutik. Modu horretan, eta aurten 50 urte egingo dituela kontuan hartuta, herriko ongizatearen oinarrietako bat izateagatik eskertu zuten kooperatiba. Hala, errioxar ukituarekin jarraituko dute gaur jaiek, Idiazabalen izango baitira Eltziegoko herritarrak ere. Bazkari herrikoiarekin batera, XIII. Goitibehera Txapelketak jasoko du festazaleen arreta gaurkoan.

Idiazabalgo San Blas jaien hasiera ofiziala atzo izan bazen ere, joan den asteburutik suma daiteke bertan festa usaina. Ohitura bilakatu den legez, eta herria festa giroan sartu asmoz, hainbat ekitaldiz gozatzeko aukera izan zuten idiazabaldarrek aurreko asteburuan, Euskal Herriko 8x8 Sokatira Txapelketa, Idiazabalgo 34. Herri Krosa edota haur danborrada, esate baterako.

San Blas jaiak ofizialki, ordea, atzo hasi ziren. Ampo kooperatibak izan zuen aurtengo jaiei hasiera emateko ardura, baita amaiera ematekoa ere, baina asko falta da horretarako oraindik. Modu honetan, kooperatiba saritu nahi izan du Udalak; batetik, aurten -2014an- 50 urte beteko dituelako sortu zenetik eta, bestetik, herriko ongizatearen «oinarrietako bat» delako. «Nork imajina lezake Ampo gabeko Idiazabalik», dio Ioritz Imaz alkatearen agurrak.

Atzo mozorroak festaren protagonista izan ziren bezalaxe, errioxarrak izango dira gaur. Aspalditik du harremana Idiazabalek Arabako Errioxako Eltziego herriarekin eta, ondorioz, herriko jaietan izango dira hauek, euren kultura idiazabaldarrei gerturatzeko.

Ildo horretan, aipatzekoa da eguerdian egingo duten herri bazkaria, patatak errioxar erara jateko aukera izango baitute idiazabaldarrek. Hala ere, nahi baino lehenago jaiki beharko dute mahaitik, arratsaldeko hiruretan XIII. Goitibehera Txapelketa jokatuko baitute, Idiazabalgo Gazte Asanbladak antolatuta. Esku-pilota partiduez gozatzeko aukera ere izango dute eta, egunari amaiera emateko, kontzertuak izango dira gaztetxean.

Hiru egun aurretik

Idiazabaldarrentzat San Blas jaiak hasi besterik ez direla egin esan daiteke, datorren asteartera arte luzatuko baitira. Bihar Kandelario eguna izango da eta aipatzekoa da 12.00etan hasita izango den herri-kirol erakustaldia. Xabier Zaldua, Xabier Dorronsoro, Jose Ugarteburu eta Aitor Urteaga aizkolarien saioarekin hasiko da aipatu ekimena eta, ondoren, Xabier Aranbururen txanda izango da, harria jasotzen.

Astelehenean izango da, ordea, egun handia idiazabaldarrentzat, San Blas eguna, eta herriko kuadrillek hartuko dute toki nagusia. Zinegotziek eta ordezkari politikoek ere izango dute protagonismorik astelehenean. Azkenengo urteetan abiatu duten Soka Dantza ekimeneko parte hartzaileak izango dira horiek. Udaletxetik atera eta futbito zelaira bidean egingo dute ekitaldi hori.

Horren ostean, izango da jaietako ekintza parte-hartzaileenetariko bat, paella-jana. Bertan 800 lagun inguru biltzea espero dute eta, horretarako, paella-ontzi erraldoi bat ekarri behar izan dute. Tripa lepo bete ostean, batukadaren soinuekin jaikiko dira guztiak mahaitik, kuadrillen arteko jolasekin gozatzeko. Asteartean amaituko dira jaiak, bost egunean gau eta egun festan ibili ondoren.