Ane ARRUTI ZARAUTZ
Zarauzko polikulturalaren proiektuaren etetea

«Polikulturalaren aroa» etetea 1,4 milioi euro kosta zaio Zarautzi

Beste zenbait herritan bezala, oparotasun urteetan amestutako proiektu erraldoiak eten eta herentzian jasotako zorrei aurre egin beharra tokatu zaio egungo Zarauzko Udalari. «Polikulturala» deituriko areto handi bat sortu nahi zen, 14 milioi euroko aurrekontuarekin hasi eta 21 milioiraino hazi zena. Bilduren udal gobernuak proiektua gelditu eta hiru kontratu eten behar izan ditu, azkena joan den abenduan. Ezerezean gelditutako proiektua 1,4 milioi euro kostatu da.

Hamar urte pasatxoko joan-etorriak eta 1,4 milioi euroko zuloa, finean, bideragarritasunik ez zuen proiektu baten inguruan diru publikoarekin egindako gehiegikeriak konpondu ahal izateko eta berriro «hutsetik» hasteko. Diseinu abangoardistako kultur eraikin bat egin nahi zuen Zarautzen 2003an agintean zegoen udal gobernuak, ikuskizunak eta kontzertuak antolatzeko moduko auditorium handi bat zuena, musika eskolarako tokia, erakusketa aretoak... 14 milioi euroko aurrekontua zuen hasieran, 21 milioira igo zen gero, eta, horretarako finantzaketa nondik iritsiko zen lotu gabe, aurrera ekin zion, lehenengo EAk eta ondoren Hamaikabat alderdiek gidatutako udal gobernuak.

2011ko maiatzetik Zarauzko Udalean dagoen Bilduko gobernuak eten berri du «polikulturala» proiektu erraldoiarekin lotzen zuen azken kontratua, Austriako Wolf Prix arkitektoarekin zuena -Bilboko Guggenheim egin zenean bigarren postuan gelditu zen proiektuaren egilea-. Euskal Herriko Arkitekto Elkargoaren «oposizio gogorrarekin» egindako lehiaketa irabazi zuen Prixek. «Deialdi mugatua egiten da eta ez zaie atea irekitzen bertako arkitektoei. Nahi dena da kanpoko arkitektoak, luxu handia, izen handiak», azaldu zuen Iñaki Eizagirrek, Hirigintza eta Ogasun eta Finantza zinegotziak.

113.000 euro kostatu da kontratu hau bertan behera uztea. Beste bi ere bazeuden aurretik eta kontratu eteteei adjudikazio lehiaketak, mundu osoan zehar egindako bileren gastuak... batuta, guztira 1,4 milioi euro ordaindu dituzte zarauztarrek.

«2011ko udaberrira iritsita, oso garbi gelditzen da hiru bide zeudela, eta ez guk esanda, baizik lehengo udal gobernua osatzen zuten batzordeen aktetan jasota daudenak», argitu zuen Eizagirrek. Lehenengoa, hasierako proiektuarekin bere horretan aurrera jarraitzea, 21 milioiko aurrekontuarekin, ondoren eraikinak izango lituzkeen mantenu gastuak kontuan hartu gabe, «inork ez daki nondik lortuko zuten finantzaketa. Inon ez dago zehaztuta ez lotuta».

Bigarren aukera proiektua moldatzea zen, aurrekontua 21 milioitik 13 milioira jaitsiz, 2011ko martxoan orduko udal gobernuak Wolf Prix arkitektoaren enpresari Vienan proposatu zion moduan. «Arkitektoek baietz esan zuten, prest zeudela, baina lana berriro hasi beharko zutela. Horren ondorioz, ordainsariak, soldatak... den-dena berriro egin beharko litzateke, bai arkitektoena, bai Artec enpresarena, akustikaz arduratu behar zuena. Aurrera eramango balitz, ordura arteko gastu guztia alferrik edo hori gehiago izango lirateke».

Hirugarren bidea, kontratu guztiak eten eta «herri honen araberako proiektu eta egitasmoak aurrera eramatea» litzateke, egungo udal gobernuak hartu duena: «Hiru aukera daude eta posible bakarra hirugarrena da. Kontratuak eten, ahal den ondoen, eta beste zerbaiten bila hasi».

Izan ere, 2006an bi lehiaketa mugatu antolatu zituen Udalak, lehendik bilerak eginak zituzten enpresek irabaziko zituztenak. IDOM euskal enpresak eskuratu zuen Polikulturala eraikitzeko prozedura kudeatzeko ardura. Bigarrena, eraikinaren akustika garatzeko zen eta New Yorkeko Artec enpresak irabazi zuen.

Horri guztiari, Udaleko ordezkaritzak enpresa hauetako kideekin, oraindik kontraturik sinatu gabe, Kanada, AEBak, Budapest, Londres, Munich, Viena, Basilea, Rotterdam eta beste hainbat hiritara egindako bidaien gastuak batu behar zaizkie, 45 mila eurotik gora xahutu dira dieta eta bilera hauetako bestelako gastuetan.

Ondorio ekonomikoez gain, Zarauzko Udalak «Polikulturalaren ameskeriak» utzitako beste hainbat kalte ere azpimarratu zituen. «Bitarte horretan, herriko azpiegitura kulturalak, Modelo eta Lizardi antzokiak esaterako, zahartzen, zatartzen eta hondoratzen utzi ziren. Ondorio ekonomiko, kultural eta sozial oso-oso garrantzitsu bezain larriak izan ditu», azaldu zuten.

Behin azken kontratua etenda, «gure lana herri honek behar dituen kultur azpiegitura egokiak aurkitzea, moldatzea eta adostea da», esan zuten. Bide horretan, Modelo aretoa erosteko akordioa lortu berri dute eta iazko urritik martxan dago Imanol Urbieta musika eskola ere, hutsik zegoen Maria Inmaculada ikastetxean kokatua, mojekin lortutako bost urtetarako akordioari esker.

ZENBAKITAN

1,4 milioi euro kostatu da proiektua bertan behera utzi eta kontratu guztiak etetea.

45.763 euro gastatu dira dietetan: Kanada, New York, Viena, Londres, Basilea, Munich... besteak beste.

113.000 euro kostatu da Wolf Prix austriar arkitektoarekin sinatutako kontratua etetea. Abenduan itxi zen.

763.114 euro izan dira guztira Wolf Prixen enpresak kontratua eten aurretik bere zerbitzuengatik jaso dituenak.

21 milioi euroraino igo zen hasiera batean 14 milioiko aurrekontua zuen proiektua.

1,5 milioi eurotan erosiko du Udalak Modelo aretoa, jabeekin akordio batera iritsi ondoren.

Itxita zegoen Modelo aretoa, herritarren beharretarako

Ia ehun urte dituen Zarauzko Cine Modelo zinema jabego pribatukoa izan da beti eta 2012an, krisiaren eraginez, ixtea erabaki zuten. «Kultur azpiegitura aldetik herren geratu zen Zarautz», aitortu zuen Gari Berasaluzek, Kultura, Jaiak, Herrien elkartasuna eta Euskara zinegotziak. Lizardi antzokia ere etxebizitzak egiteko eraitsi zenez eta Putzuzulo gaztetxea gune autogestionatua izaki, Udalak behar zuen toki bat bere kultur programazioa gauzatzeko. Zaharkitua eta egoera eskasean egonagatik, kokalekua eta eskaintzen dituen aukerak ikusita, Udalak alokairuan hartzeko akordioa lortu zuen jabeekin, hilean 2.500 euro ordainduz. Azken 14 hilabeteetan 200 kultur ekitaldi inguru egin dira Modelo aretoan. Joan den abenduan, erosketa akordioa sinatu zuten bi aldeek eta, horrenbestez, aretoa Udalarena izatera pasatu da. Epe kontuengatik 2014an alokairuan jarraituko du eta ondorengo lau urteetan ordainduko ditu Udalak 1,5 milioi euro inguru.

Bere garaian polikulturalaren proiektua bultzatu zutenek -gaur egun ez dute ordezkaritzarik Udalean- Modelo aretoaren erosketa ez dela herritarren kultura eskariaren konponbidea salatu dute orain gutxi, baina etxebizitzen %22 hutsik dituen herri batean, zentzuzkoa dirudi azpiegituretan ere dagoena aprobetxatzearen aldeko apustua egiteak. «Modelok ez dio erantzuna ematen Zarauzko kultura eskaerari -aitortu zuen Berasaluzek-, baina herriko azpiegituren mapa horretan bat gehiago izango da. Ez dio erantzuten 500 laguneko kontzertu bati, Donostian Gazteszenan 2.000 sartu ezin daitezkeen bezala. Emango zaion erabilera orain kultur mahaian pentsatu eta hausnartu beharko da». A.A.