Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Manifestazioa?

Albert Pla artista katalanaren azken muntaia «Manifestazioa» deitzen da; tipo arrunt baten istorioa omen da, manifestazioz okertu eta horretaz jabetutakoan bertatik atera eta beste batera iristen dena, eta gero beste batera, eta beste batera. Egilearen hitzetan, gizajo baten istorioa da, suminduta eta guztiak -politikariak, aberatsak...- garbitzeko gogoz dabilena, baina azkenean, manifestazio batera joatearekin konformatzen dena, «ez dutenak ezertarako balio. Ordubetez manifestatzeak ez dut uste etekin handirik dakarrenik, manifestazioak dira sozialki barregarri gera zaitezen uzten dizuten tarte txikia».

Plaren ibilbidea kontuan hartuta, ziur naiz egungo egoeraren argazki ironiko, garratz eta probokatzailea atera duela eszenara, absurduaren bidetik, gai anitzekin loturiko era guztietako protestak ugaritu eta barreiatu egin diren garai honetan. Eta horren erdian, zer edo zer egiteko gogoz dabilen subjektu bat jarri duela, ahaleginetan dabilena haserre eta gorrotoari nolabaiteko biderik topatzeko, kristoren sarraskia ez antolatzearren. Norbanako jakin baten bizitzako une zehatz baten argazkia, elkarren segidako olatuek osatzen duten jendezko marean nora ezean.

Ikuspegi bat da. Are gehiago, esango nuke pertsona askok konpartitzen duten iritzi bat dela, kalean protestatzearen balio ezarena, denbora galtzea, energia alferrik xahutzea eta nork bere burua engainatzea besterik ez delakoan. Finean, botereari mesede egitea baino ez dela, lagundu egiten diegula, era horretan, ziria sartzen jarrai dezaten: haiek erabakiak hartu eta guk gure desadostasuna erakutsi, herrialde demokratiko baten dinamika; azkenean, ordea, kalean oihuka ibili ondoren etxera itzulitakoan, denak segituko du bere horretan, eta herritarrok berdin-berdin, baina apur bat nekatuago, apur bat erreago. Norbere zilborresteari begira.

Hori egiteari utziz gero, baina, inguruan eta orain gertatzen ari direnei erreparatuta, eszeptizismo eta negatibotasunerako arrazoiak baino itxaropen eta konfiantzarako ditugu herritarrok. Guk geuk egikarituriko presioan sinesteko argazkiak ikusten ari gara: Burgosen, lortu zuten gehiegikeriazko hirigintza geldiaraztea; Madrilen, lortu du osasun publikoaren aldeko marea zuriak gezurrean oinarrituriko pribatizazio plana bertan behera geratzea; Euskal Herrian, lortu genuen presoen zigor erantsia den sakabanaketaren kontra inoiz baino elkartuago, inoiz baino bustiago, agertzea; momentuz, Espainiako Gobernuak, atzeratu egin du abortuaren erreforma ulergaitz eta iraingarri hori, beste behin, eta litekeena da azkenean Gallardonek betiko galtzea bere borroka eroa...

Eta zergatik ez, zergatik ez sinetsi atsedenik ematen ez badiegu, norbanakook elkartuta eta aktibo egonez gero, jendartea geu garela eta geuk bidera dezakegula, politikariei herritarron ordezkari hutsak baino ez direla gogorarazita, horretan ez dutela treguarik aurkituko argi adierazita. Manifestazioa horretarako modu bat da, ordubetez barik xede baten lorpenerako egunero egiten dugun lanaren bozgorailua, erresistentziaren argazki kolektiboa. Barregarritik ezer ez duena, eta eredutik, aldiz, asko.