IKUSMIRA
IKUSMIRA

FMLNko Sanchez Ceren koadro politikoa irabazle, Erdialdeko Amerika Hegorantz biratzeko indarrez

Salvador Sanchez Ceren FMLNko erraietatik sorturiko koadro politikoak, «ezkerraren ezkerra» irudikatzen duen gerrillari ohiak irabazi ditu El Salvadorreko lehendakaritzarako hauteskundeak. Arena alderdi ultrakontserbadorearen hautagai eta San Salvadorreko alkate den Norman Quijanori 10 puntuko aldea atera dion arren ez du bigarren itzulia ekidin. Eta hortaz, martxoaren 9an hartuko dute salvadortarrek azken erabakia, eta okerrik ezean, 1980-1992. urteen artean iraun zuen gatazka politiko-militarrean buru-belarri aritu zen Sanchez Ceren hautatuko dute lehendakari.

Hegoalderantz bira egin eta Hego Amerikan nagusitzen ari den bide bolivartarrarekin are gehiago lotuko du El Salvador. Estatu kolpe, hauteskunde iruzur eta estatubatuarren esku-hartze ugari jasan dituen Erdialdeko Amerikako politikaren eszena aldatuko du, aro berri bati arnasa eta liberalismo ekonomiko eta kontserbadurismo politikoari alternatiba zehatza emanez. Aberastasuna hain gaizki banatua dagoen eskualde hartan Sanchez Cerenek ordezkatzen duena asko baita, hain zuzen, milioika amerikarren bizitza hobetu dezakeen esperantza. Oxala, hilabete eskas barru esperantza horiek gauzatuko balira.