Arantxa MANTEROLA

Trikaldi geriatrikoaren geroa, zalantzan

«Galera ekonomikoak» argudiatuta, Donibane Lohizuneko Trikaldi zentro geriatrikoan 22 ohe kendu eta Baionako Prisse zentro berrira eramanen dituztela salatu du Herri Berri udal-talde abertzaleak.

Gainerako 52 oheekin zer gertatuko den beldur da, batez ere azpiegitura horren etorkizunari buruz dagoen informazio eskasa dela medio. Izan ere, handitzen ari diren Udazkena zahar-etxera eramanak izanen direla zurrumurrua bada, baina nehork ez du gauza argirik esaten.

Eskualdean epe luzerako ospitalizaziorako lekuak eta horri lotutako lanpostuak horrela galtzea biziki kezkatzen du Herri Berri taldea. Hortik harago, Trikaldiko lurren gainean espekulazioa dagoen susmoa du. «Egun, Hirigintza plana berraztertzen ari da Udala eta litekeena da auzapezak lurren salmentari bidea irekitzea» adierazi du.

Horrenbestez, ohe-murrizketen eta izan daitezkeen mugimenduen aitzinean, udal taldeak donibandarrak informatzeko eskatu dio auzapezari, «hainbeste behar dugun Trikaldi ez suntsitzea» exijituta.