IKUSMIRA
IKUSMIRA

Iluntasuna argi bihurtzea dagokio Vatikanoari

Haurrak babesteari baino bere izen ona defendatzeari eman izan omen dio arreta handiagoa Vatikanoak. Oso akusazio larria da, eta salaketa egin duena ez da horrelako gaietan arinkeriaz jokatu ohi duen organismoa, Nazio Batuen Erakundea baizik. Izan ere, Haurren Eskubideei buruzko NBEren Batzordearen txostenak hainbat apaizek haurrei egindako eraso sexualen erantzukizuna argi eta garbi Vatikanoan ere badela dio. Besteak beste, apaiz horiek egindako erasoen larritasun handia bere neurrian onartzeari uko egiteaz gainera, Vatikanoak horrelako gehiegikeriak betikotzea eta egileak zigorgabe geratzea ahalbidetu duten politikak bultzatu dituela dio NBEren batzordeak. Akusazio larriak, inondik ere, ezin larriagoa baita Eliza katolikoak haurren kontrako sexu gehiegikerien aurrean denbora askoan erakutsitako jarrera, isiltasunetik ezikusia egitera doan jarrera onartezin eta konplizea, horixe baita abusuak ezkutatzeko apaiz pederastak parrokiaz aldatu eta, hartara, abusuak egiten jarraitzeko aukera ematea. Bestalde, Elizaren iluntasun hori nabarmen utzi ondoren, guztiz kontrako norabidean jokatzeko, dituen agiri guztiak emateko eskatu dio NBEren Batzordeak Vatikanoari, iluntasunetik argira egiteko, alegia, eta sexu gehiegikeriak egin dituztenak berehala bota eta justiziaren aurrean salatzeko. Gutxieneko eskaera, halako ikaragarrikerien ondoren.