GARA CEUTA

Bederatzi etorkin hil dira itota edo zapalduta Ceutara pasatzeko ekinaldian

Gutxienez bederatzi etorkin hil ziren atzo Ceutara igarotzeko saialdian. Guardia Zibilak 400 etorkin inguruk osatutako jende oldea ez pasatzeko gomazko pilotak eta gas negar-eragilea erabili zituen. Etorkinak itsasotik pasatzen saiatu ziren, baina batzuk ito egin ziren.

Gutxienez bederatzi pertsona hil ziren atzo, Ceutara igarotzeko saialdian itsasoan itota edo zapalduta. 400 etorkin inguru ahalegindu ziren muga-postua zeharkatzen goizeko zazpietan. Jende oldeak atzera egin zuen Guardia Zibilak eta Marokoko indarrek bidea moztu ziotenean. Oztopo horrekin topo egin ostean, itsasotik pasatzen saiatu ziren, Tarajaleko hondartzaraino iristen den txarrantxadun hesia saihestuz.

Gutxienez bederatzi pertsona hil ziren, baina gehiago izan litezke atzo arratsaldean oraindik hainbat gorpu zeudelako uretan. Gainera, beste 13 ospitalera eraman behar izan zituzten. Agintariek Tarajaleko muga-postua itxi zuten etorkinak egunero Ceutara pasatzen diren marokoarrekin nahas ez zitezen.

Bizirik atera ziren etorkinenek adierazi zutenez, Guardia Zibilaren jarrera izan zen bortitzena. «Gas negar-eragileak eta gomazko pilotak bota dizkigute eta horren ondorioz hil da jendea uretan», esan du batek. Beste batek ere Guardia Zibilak buruan zauritu zuela esan zuen. Francisco Antonio Gonzalez Gobernu espainolaren ordezkariak azaldu zuen etorkinen «indarkeriagatik» erabili behar izan zutela istiluen aurkako materiala. Gomazko pilotak jaurti zituztela aitortu zuen, «baina ez etorkinen kontra».

2005. urtetik gutxienez 27 pertsona hil dira Ceuta eta Melillako mugan izan diren oldarretan. Bestalde, Andalucia Acoge eta Sos Racismo erakundeek Ceuta eta Melillako hesietan gertatzen diren legez kanpoko «itzultzeak» salatu zituzten eta espainiar Barne Ministerioari kontuak eskatu dizkiote.

Asteazkenean kaleratu zen grabazio batean Guardia Zibilak Melilla eta Maroko arteko muga gainditu duten etorkinak -batzuk zaurituta- Marokora itzularazten ageri dira. «Hor ikusten dena espainiar eta europar legeen urraketa argia da: laguntza juridikoa, itzultzailea, asilo eskubidea, helegitea jartzeko aukera», nabarmendu zuten. «Ezin dira pertsona horiek itzuli beren osasun egoera egokia ez bada», gaineratu zuten.

Diotenez, grabatutakoa ez da kasu bakarra. Horrelako gertaerak «ohikoak» dira Ceuta eta Melillako mugetan, instituzio eta giza-erakundeen txosten ugarik azaldu dutenez.