Marotok Garoña behin betiko ixtearen alde bozkatu du; PPk, berriz, kontra

EAJ, PSE eta EH Bilduk bat egin dute Gasteizko Legebiltzarrean, Gobernu espainolak Garoñako zentral nuklearra «berriro irekitzea inposatzeko bere esku dagoen guztia» egiteko prest dagoela salatzeko. PPk aurka bozkatu du; Javier Maroto Gasteizko alkateak, aldiz, alde.

Javier Maroto PPko legebiltzarkide eta Gasteizko alkatea Garoña behin betiko ixtearen alde agertu zen atzo berriro, eta, joan den ekainaren 6an bezala, ez zen bere alderdiarekin bat etorri bozkatzeko orduan. PSEk aurkeztutako legez besteko proposamenetik abiatu, eta EH Bildurekin adostutako zuzenketari baiezkoa eman zion, EAJk bezala. PPk aurka bozkatu zuen eta UPyD abstenitu egin zen.

Marotok behin eta berriz azaldu du Arabako hiriburutik 40 kilometrora dagoen zentral nuklearra berehala ixtea eta eraisten hastea nahi duela. Adierazi zuenez, «koherentziaz», jarrera bera defendatu du arlo guztietan. Horrek ez dio alderdiaren zigorrik ekarri.

Atzo onartutako testuak gaur egun geldirik dagoen azpiegitura berriz irekitzeko beharrik ez dagoela berresten du, ez dielako «inongo ekarpenik» egiten energia eskaerei. «Ez da inoiz energia segurua izango eta gaurko gizarteak energia berriztagarrien aldeko apustua egiten du», arrazoitzen du.

Gainera, Garoñaren jabe diren enpresei, Iberdrolari eta Endesari, «euskal gizartearen gehiengoaren borondatea entzun» dezatela eta berriro zentral nuklear zaharkitu eta arriskutsuaren jarduera hastea ahalbidetuko lukeen luzapena eskatzeari uko egiteko esaten die.

Lakuako Gobernuari

Gasteizko Legebiltzarrak Lakuari ere eskaera egin dio, Iberdrolako eta Endesako kontseilari ordezkariekin biltzeko eta zuzenketaren edukia azaltzeko. Urkulluren Exekutiboa «bere baliabide instituzional eta juridiko guztiak» erabiltzera bultzatu du, zentrala berriro ireki ez dadin.

Ekimenaren gaineko eztabaidan, PSEko Txarli Prietok espainiar Gobernuaren «harrokeria» kritikatu zuen. Jakinarazi zuenez, «azpiegitura berriro irekitzeko baimena prestatzen ari da». EH Bilduko Dani Maeztuk, bestalde, arrazoi ekonomikoei lehentasuna ematea gaitzetsi zuen eta EAJko Juan Carlos Ramirezek ohartarazi zuen «ezin dela herritarren segurtasuna arriskuan jarri».

PPko Carmelo Barriok krisian ezin dela energia iturririk erabili gabe utzi argudiatu zuen eta UPyDko Gorka Maneirok bere zuzenketa aurkeztu zuen, segurtasun neurriak zorrotz betez Garoña irekitzea «ekonomikoki arrazoizkoa eta ulergarria» izango litzatekeela defendatuz.