IKUSMIRA
IKUSMIRA

Barregarri eta, okerrago, seriotasun falta erakutsita

Arantza Quiroga PPko EAEko buruak atzo, Eusko Legebiltzarreko kontrolerako saioan, Sorturekin izan dituen harremanen gainean galdetu zion Iñigo Urkulluri. alderdi horrekin «ezkutuan» bildu eta harekin dokumentuak trukatu izana aurpegiratu zion. Halaber, bakegintzaren gaineko gaiak bake eta bizikidetzarako lantaldean ez eztabaidatzea egotzi zion. Urkulluren jokaera lantalde horrekiko mesfidantza-zeinu gisa sumatzen du Quirogak. PPk parte hartzeari uko egin dion lantaldeaz ari zen. Urkulluk eratzun zion Sorturi bakegintzan eta normalizazio politikoan aurrera egiteko igorri zion proposamen berbera lehenago erakutsi ziola Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari, eta Quirogak berak ere baduela proposamena. Quirogak ez daki dokumentazio hori duen ala ez, ezin izan zuen esan. Beharbada bai, baina irakurri gabe, antza.

Barregarri geratzetik harago, nabarmena, eskandalagarria da PPko EAEko presidentearen seriotasun falta. Eta politikagintzan, areago herri baten etorkizunerako hain momentu garrantzitsu eta erabakigarrian, seriotasuna da eska daitekeen gutxienekoa. Seriotasun falta hori gorabehera, Quirogaren mezua, Madrilen mezua, argia izan zen: Madril ez da mugituko eta EAJk aukeratu egin behar du Madrilgo immobilismoarekin bat egitea edo haren aurrean jartzea. Eta badirudi EAJk aukeratu egin beharko duela.