Iñaki Errazkin
Gipuzkoako Ingurumen diputatua
KOLABORAZIOAK

Europako lezioa

Gipuzkoarrok hondakinen arazoari erantzun egokia emateko moduan gaude. Zabortegi kutsatzaileei amaiera emateko garaia iritsi da. Eguneroko ahalegin txikiez, aukera hori begien bistan dugu orain

Europako Zero Zabor biltzarraren amaieran, Parisen, Gipuzkoak hondakinen kudeaketan azken urteotan emandako aurrerapausoak izan genituen mintzagai hainbat lurraldetako ordezkariekin. Solasaldi hartan, ideia hau etorri zitzaidan burura: eztabaida hau mediatikoki zeinen kutsatuta dagoen Gipuzkoan. Iaz Bruselan gertatu zen moduan, Parisen ez ginen ika-mika politikoaz aritu, hondakinen inguruko politika eta helburuez baizik. Solasa erabat aldatzen da orduan. Eta aditu horiek Gipuzkoaz hitz egiten dutenean, ordezkari hauentzat Gipuzkoa erreferentzia bihurtzen ari dela ohartzen zara. Nola daiteke hau? Hondakinen alorrean, anabasa omen dago Gipuzkoan, baina hala ere, erreferentzia positiboa izan daiteke? Oso erraza da: ordezkari hauei ez zaie ika-mika politikoa interesatzen, benetako kudeaketa baizik; horri erreparatzen diote. Eta kontuz ibili beharko genuke, harrokeriatan erortzeko arriskua ekiditeko, baina birziklapenaren aldeko Europako adituek zoriondu egiten gaituzte; asko dugula egiteko, hobetzeko, baina norabide onean goazela. Europar Parlamentuak, duela urtebete, Bruselara jardunbide egoki gisa gonbidatu gintuenean begirada positibo horretaz ohartzen hasi ginen, eta joera hori areagotzen ari da nabarmen.

Gipuzkoarrok pauso handiak ematen ari gara hondakinak modu egokian kudeatzeko. Europako Batasunak ezarritako hierarkia, prebentzioa, berrerabilpena eta birziklapena lehenesten dituena, zorrotz betetzeko pausoak ematen ari gara. Gure proiektua ez da Errausketaren Gipuzkoa, ezta Zabortegiena ere: Birziklapenaren Jendartea eraiki nahi dugu, Janez Potocnik Europako Ingurumen komisarioak eskatu bezala.

Datuak ikusi besterik ez dago: Sasieta Mankomunitateak %54ko birziklatze tasa lortu zuen iazko abenduan; hau da, duela urtebete baino 20 puntu hobea. Tolosaldeak ere %43ko batez bestekoa izan zuen iazko bigarren seihilabetekoan; ia 10 puntuko igoera urte erdian. Gaur egun, 30 udalerrik %70etik gora birziklatzen dute: Lezo, Astigarraga, Usurbil, Hernani, Villabona, Irura, Orendain, Amezketa, Ordizia, Itsasondo, Legorreta, Legazpi, Oñati... Herri horien guztien artean, hainbat bilketa sistema daude, eta horrek agerian uzten du sistema bera baino askoz ere garrantzitsuagoa dela helburu egokia jartzea eta helmuga horretara iristeko bidea ondo egitea. Aurten Gipuzkoako 50 bat herrik %70eko muga hori zeharkatzea espero dugu. Egundoko aurrerapausoa.

Konpostajean parte hartzeko joera ere nabaria da: duela zenbait urte gutxi batzuen kontua zen, baina gaur egun 40.000tik gora gipuzkoarrek erabiltzen dituzte konpostagailuak etxean bertan edo, modu kolektiboan, auzoan edo herrian (hain zuzen ere, herrigune handietan auzo-konpostagailuak jartzeko Gipuzkoako esperientziak jakin-min handia sortzen du Europan, ez baita Euskal Herritik kanpora oso ohikoa izaten). Ezagutzan eta kontzientziazioan ere aldaketa nabarmena egin dugu: duela bospasei urte, esaterako, gipuzkoar gutxik zekiten hondakinak nola bereizi, eta gaur egun, aldiz, oso zabalduta dago ezagutza hori.

Gipuzkoa, poliki-poliki, eta erritmo ezberdinez, kultur aldaketa bat egiten ari da: hondakinak baliogabetzat jotzetik, baliabide gisa ikustera. Errausketaren edo zabortegien kulturatik, prebentzioaren eta birziklapenaren kulturara. Xahuketatik, ingurumenarekin eta ondorengo belaunaldiekin arduraz jokatzera. Ez da aldaketa erraza eta ez dugu berehala emango. Eta orain arte nahi baino ika-mika handiagoa sortu bada ere, emaitzek norabidea erakusten digute.

Baten batek gai hau alderdien arteko borrokarako erabiltzeko tentazioa izan dezake oraindik ere; egunkarietan titularren bat lortu nahi izango du, adibidez, Gipuzkoako ereduari buruz Europan izan dezaketen ikuspuntuaz susmoak zabalduta. Izan ere, susmoak zabaltzea izaten da, besterik ez denean, kalte egiteko modu bakarra. Janez Potocnik komisarioak Gipuzkoako ereduaz esandakoak publikoak dira, hemeroteketan daude. Argi dago zer norabide nahi duen Europak. Eta argi dago norabide berean doala Gipuzkoa. Norabide egoki hori adostasunez sakontzeko garaia da, alderdi politikoek Arrasaten edo Azpeitian egin duten moduan. Baita, ezadostasunetik, proposamenak egitekoa ere. Birziklapenaren Gipuzkoa eraikitzeko bidean, laster izango dugu alderdi politikoekin eta gizarte eragileekin luze eta zabal hitz egiteko aukera, Foru Aldundiak hondakinak kudeatzeko azpiegitura proposamena aurkezten duenean.

Gipuzkoarrok hondakinen arazoari erantzun egokia emateko moduan gaude. Zabortegi kutsatzaileei amaiera emateko garaia iritsi da. Eguneroko ahalegin txikiez, aukera hori begien bistan dugu orain. Horregatik Foru Aldundiak proposamen zehatzak luzatuko dizkie Gipuzkoako erakundeei, adostasunen bitartez hondakinen kudeaketa egokian urrats eraginkorrak egin ditzagun. Eta hasierako hausnarketara bueltatuz, aire garbiak bira gaitzala langintza horretan.