GARA

ETArekin, gobernuekin eta biktimekin bildu nahi du Foro Sozialaren Batzordeak

Foro Sozialaren hamabi gomendioak garatzeko lanari ekin dio Bake Prozesua Bultzatzeko Batzordeak. Presoen auziari buruzkoak daude artean, EPPK-k bide hori ontzat jo ostean. Gobernuei, alderdiei zein biktimei bilerak eskatu dizkie. ETArekin ere elkarrizketa abiatu nahi du.

Preso eta iheslarien auzia, armagabetzearena edota elkarbizitzarena sustatzeko hamabi gomendio kaleratu zituen Foro Soziala delakoak pasa den urteko maiatzean, baina orain hasiko da horiek benetan garatzeko lana, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak abenduaren 28an kaleratutako adierazpenak bide horri bultzada handia eman ondoren. Pasa den larunbatean ETA erakundeak agerturiko prestasunak ere sustatzen du aukera.

Posizionamendu horiek jasota, lanean buru-belarri hasi dela jakitera eman zuen atzo Foro Sozialaren gomendio horien inguruan abenduaren 23an eratu zen Bake Prozesua Bultzatzeko Batzordea izenekoak. Gatazkak konpontzeko esparruan profil tekniko nabaria duten zortzi kidek osatzen dute momentuz: Jordi Armadans, Fernando Armendariz, Garbiñe Biurrun, Anne-Marie Bordes, Henri Duhalt, Maite Perez Larumbe, Nazario Oleaga eta Michel Tubiana.

Horri begira, urtarrilaren 30ean burututako bilera batean, batzordekideek «bake prozesuaren aktore nagusiekin elkarrizketa bideak zabaltzea adostu zuten», jakinarazi du Batzordeak prentsa ohar baten bitartez. «Hori dela eta, inplikatutako gobernuekin, alderdi politiko nagusiekin eta biktimen elkarteekin bilerak burutzea eskatuko dute», iragarri du.

«Lan horren bidez Batzordeak gomendioen edukiari buruzko iritzi trukaketa bultzatu nahi du eta bere laguntza eta babesa eskaini nahi ditu bake prozesuak aurrera egiteko eta errotzeko pauso berriak eman daitezen», erantsi du Batzordeak.

EPPKrekin bilera

Oharrean jasotzen denez ere, ETAren azken adierazpenaren ostean, «Batzordeak ETArekin elkarrizketan jarduteko bere prestasuna agertu nahi du», betiere «Foro Sozialaren gomendioetan proposatutako bidean aurrera egiteko».

Bide batez, abenduaren 27an Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren bitartekari taldearekin bilera egin zutela aipatu dute Batzordeko kideek, lehenengoek hala eskatuta (gogoratu behar da gero EPPK-ko bitartekari horietako batzuk atxilotu eta espetxeratuak izan zirela). Hartu-eman honetan, «bai Batzordea bai bitartekari taldea etengabeko harreman eraikitzailea mantentzera konprometituko ziren, gomendioen edukietan sakontzeko, batez ere presoen itzulerarekin zerikusia duten horietan».

«Konpromiso hori mantendu egiten da, urtarrilaren 8an burututako operazioan bilera horretan izandako zenbait pertsona atxilotuak izan arren», zehaztu du Batzordeak.

Lakuaren mugimenduak

Lakuako Gobernuak ere prozesuan aurrera egiteko ETArekin hitz egiteko prestasuna agertu zuen asteartean. Bitartean, jakina da kontu hauei buruz Mariano Rajoyrekin hitz egin duela zuzenean Iñigo Urkulluk. Grupo Noticias-eko egunkariek atzo esan zutenez, ETAren desegitea ekar lezakeen estrategia PPrekin eta PSOErekin adostea posible ote den aztertzen ari da EAJ.

Josu Erkoreka eledunak baieztatu egin zuen informazio ildo hori. Izan ere, Lakuako Gobernua «aspaldi» ari dela erakundeekin eta alderdiekin honetaz hitz egiten aipatu zuen Bizkaia Irratiak egindako elkarrizketa batean. Honen helburua «ETAren amaiera ordenatua ahalik eta lasterren lortzea» litzateke, «ahalik eta estrategia komunenarekin». Edozein kasutan, hori egia izan dadin zuhurtziaz eta diskrezioz jokatu behar dela nabarmendu zuen.