GARA

Ezker abertzaleak «Euskal Bidea eginez» gogoeta herri batzarretara eramango du

Sortu, LAB eta Ernai antolakundeek «Euskal Bidea eginez» ezker abertzalearen estrategia biltzen duen hausnarketa aurkeztu zuten atzo Bilbon eta, horren gainean eztabaidatzeko, hurrengo asteotan egingo dituzten herri batzarretan parte hartzera dei egin zieten kideei.

«Euskal Bidea eginez» du izena datozen asteetan ezker abertzaleak bere kide eta aldekoekin partekatu eta eztabaidatuko duen hausnarketak. Finean, estrategia eta lan ildoak zehazten ditu eta «Zutik Euskal Herria ebazpenaren segida» da «burujabetzaren norabidean» sakonduz, «azken hilabeteetako bilakaera kontuan hartuta».

Hausnarketaren «helburua eta mamia» esaldi batean laburbiltzen dute: «Estatuen zain egon gabe, gure bide propioa erabaki eta eraikitzera goaz, Euskal Bidea eginez».

Hasier Arraiz Sortuko presidenteak eta Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak eman zuten hausnarketaren berri Bilbon, Sortu, LAB eta Ernai antolakundeen zenbait ordezkarirekin batera. Besteak beste, Pernando Barrena, Rufi Etxebarria eta Joseba Permach Sortuko ordezkariek hartu zuten parte agerraldian, sindikatuko eta gazte erakundeko kideekin batera.

Ezker abertzaleak martxan jarri nahi duen estrategiak lau oinarri ditu: aldebakartasuna, konfrontazio demokratikoa, herri aktibazioa eta indar metaketa. Eta euskal bidea osatzeko bost zutabe zehazten ditu: neoliberalismoaren krisiari irtenbide propio eta demokratikoa ematea, herritarren eskubide sozialak bermatzeko; Euskal Herriko berezko hizkuntza eta kultura biziberritu, normalizatu eta garatzea; herri honen beharretara egokitutako Hezkuntza Sistema eraikitzea; nazio ikurren inposizioari aurre egitea, eta lurralde batasunaren eraikuntza.

Azken atal honi dagokionez, «korapiloak askatzeko eta proposamenak eta bideak eskaintzeko unea heldu dela nabarmentzen da».

Aldebakartasunaren garrantzia nabarmentzen du dokumentuak. «Etengabeko tresna aktibotzat» hartuta, eta Euskal Herriaren nazio eraikuntzan eta eraldaketa politiko eta sozialean ere», aldebakartasunak «estrategia osoa busti behar duela» planteatzen du.

Estrategiaren «gako nagusia» indar metaketan jartzen du ezker abertzaleak, «herri prozesu burujabeak aliantza politiko sendoa» beharko duela nabarmenduz.

Hausnarketa partekatu eta eztabaidatzeko, datozen asteotan Hego Euskal Herriko herri eta auzoetan batzarrak antolatuko dituzte, eta EPPK-ko kideei ere helaraziko diete dokumentua, presoen «ekarpena eta parte hartzea bermatzearren».