Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria

Hildakoak (eta II)

Nachtweyk, ordea, ez du bere kabuz lan egiten. Gehienetan ez dago bere esku gatazkak aukeratzea, ezta horien nondik norakoak argazkien bidez erretratatzen igaroko duen denbora zehaztea. Horrela esanda gogorra ematen du, baina halaxe da kontua: berri agentziek eta aldizkariek esaten diote nora jo, zer den albiste eta zenbat egunez den albiste. Nachtweyk erabakitzen du enfokea, argia, estetika; bere lanak arras estetikoak baitira, nahita gainera. Bere lanetan zuri-beltza erabiltzen du gehienbat, xehetasunak eta dramatismoa areagotzen dituelako. Dokumentaleko une batean berrehun bat argazki ateratzen ditu di-da batean; kameraren aurrean, Balkanetako gerran semea galdutako andre bat eta bere senideak hildakoa lurperatzen. Nekaezina argazkilaria, une aproposa jaso nahi du. Hiletaren protagonisten dolu adierazpenen benetakotasuna neurtzea gero eta zailago bihurtzen da kameraren klik bakoitzeko. Une batean argi dago Nachtweyrentzat antzezten ari direla. Argi daukate kameraren objektiboak boterea adierazten duela, ikusezina ikusgarri bihurtzeko ahalmena duen aldetik. Handik hilabete batzuetara, aldizkari alemaniar batean lehen aldiz argitaratua izan ostean, Balkanetako hiletaren argazkia New Yorkeko galeria batean zintzilik agertzen da Nachtweyren omenezko erakusketa baten harira. Hiriko jende apaina elkar agurtzen, xanpaina edaten, barrezka agertzen da lehen planoan, argazkiak haien atzean. Indar bera ote du Balkanetako emakumeak testuinguru horretan, ulertzen ote du New Yorkeko apainak haren sufrimendua? Efektu estetikoak irentsi ote du hura, ikonoaren mesedetan?