Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Irudimena agintari!

Egurra pilatzen egon naiz goizean. Pilatzen bai, ez naiz ausartu ordenatzen esatera, eskolatua banaiz ere. Egia esan, nik eduki badaukat ordena, egurra da ordena ez duena, nire ingurukoak behintzat. Are gutxiago mendebalak hegotik jotzen duenean, haizetea esate aldera, orduan ikusten baitut nire pilaketaren hurrena: akabua! Eta mendebala gogoan, hamabietan hamaiketakoa eginda jesarri egin naiz prentsari begiratua emateko. Hara! pentsatu dut, demontre! gaur nazioartetik hasiko naiz! kanpoko munduetatik esan nahian, handik honako bidea egiteko. Horra! Afrika erdialdeko errepublika batean milizia kristauek jo eta ke dihardute musulmanen ehizan! Kristau fundamentalistak! Jainkoarren! Amen. Bitartean, momentuz kontinentea den horren Atlantiko bazter batean, petrolio usainpean, musulmanak jo eta su kristauen ehizan. Ala-arren! Amen ere, edo. Eta horren ipar-iparrean, Estatuen arteko itsas muga Burtsako arrisku-sariarekin batera mugitzen den lotsaren erreinuan, olatuek segitzen dute gomazko bolak lehorrera eramaten, hori bai, bitsean bilduta. Komuneko depositua hustu ondoren mahaian jesarri naiz, ilustratzen segitzeko. Papera aurrera, atzera papera.

Horra! hau kolpea! Ingalaterra eta Eskozia buruz buru aritu berri dira, errugbian. Tira! nondik edo nondik hasi behar. Ez ote ziren hasi, bada, amerikarrak eta txinatarrak ping-pongean aritzen? Portzierto, mila ogerleko Sochiko joko horietan Afrikak ping-pongean dominarik ezetz! Doluminekin konformatu beharko, momentuz, podiumetik kanpo beti ere. Korean ere iparra eta hegoa hasi omen dira harremanetan; beste kontua da hartu eta emanetan noiz hasiko. Udalbiltzaren beharra dute Korea horietan. Tira, buelta errugbira! Kontuak kontu daitekeena da Ingalaterra Europar Batasuna zer horretatik kanpo eta Eskozia barru geratzea. Are gehiago, mundu aldrebes horretan posiblea ere Eskozia librarekin eta Ingalaterra barik geratzea. Are gehiago oraindik, litekeena da Euskal Herria eta Ingalaterra, biak zein biak, Batasunatik kanpo geratzea, kolpea gero ezker abertzalearentzat! Baina nago ni, gauzak horraino helduta ere moneta partekatu dezakegula ingelesekin: euri-a. Eta Europari alternatiba eskaini ere: Euripa. Irudimena agintari! Ez al gara internazionalistak? Nafarroa, arragoa... men- debalak hegotik jotzen.