Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Larrua salbatzeko antzezpena

Opera klasikoetan, goi-mailako herritarrak eta xumeak, aberatsak eta pobreak, gudarosteak, esklaboak, eta errege-erreginak, printze eta printzesak, guztiak nahasturik ezinbestean drama izugarrietara kondenaturiko istorio horietan, emakumezko protagonista ia beti hiltzen da, bukaeran. Izan erregina, izan neskamea; izan indartsua, izan ahula. Ia beti, patuak hala idatzita, haren azken hatsa izan ohi da oihala behin betiko jaitsi aurretik entzuten den azkena. Eta, ia beti, halaber, maitasunaren izenean. Burura datozkit Gilda (Rigoletto), Isolde (Tristan und Isolde), Leonora (La forza del destino), Mimi (La Bohème) eta beste hainbeste, nola edo hala zoritxarrean eroriak...

Engainatuak, jasankorrak, maitasunak itsutuak... xalo hutsak, munduaren ankerkeriari, pertsonen gaiztakeria, ustelkeria eta trikimailuei dagokienez. Halakoak izaten ziren antzinako operetako emakumezkoak, egun operatik ezer baina ikuskizunetik asko duen eszena publikoan garatzen ari den eskandalu nagusienetako bateko protagonista femeninoaren berdin-berdinak: Espainiako Cristina infanta.

Argumentua: senar plebeioaren amarru finantzarioen ondorioz epaitegira eramana, herrialde monarkiko bateko errege-etxeko alaba gazteena, bere familia bien artean bata ala bestea salbatu beharreko kinka larrian, berarekin tematuta dirudien epaile zorrotz baten 400 galderatik gora erantzutera behartua da. Presioa izugarria da, ez baita samurra odolezko loturen edo maitasun hautuaren ondoriozkoen artean aukeratu beharra; ez baita atsegina etengabe iritzi publikoaren jomuga izatea, eta, areago, herrialdeko herritarrak zu, eta zure senideak, erortzen ikusteko irrikaz egotea, ez duzunean ezer egin; ez baita sekula imajinatu zenuena zeu izatea familiaren ohorea zikinduko zuena, lehenbizikoz errege-etxeko kide bat hainbat delitutan nahasturik ibili izanaren susmopean.

Kokapena: XXI. mendea, Espainiako Estatuan. Cristina Infanta, emakume heldu eta independentea, maitasunez ezkondua eta lau seme-alabaren ama, kirolzalea eta hezkuntza zabalaren jabea, La Caixa bankuko langilea, alegia, bere garaiko emakume modernoa. Aurkez liteke horrela, horrela delako, baina, jakina, ez lioke inolako mesederik egingo bere defentsari, emakume azkar, jantzi eta burujabe gisa aurkezteak, egun oraindik, gehiago ekartzen dituelako ondorio negatiboak loreak eta garaipenak baino, esparru publikoan batez ere. Beraz, dramari amaiera berritzailea ematearren, iraganeko garai bateko senarraren mendeko emakume ezjakin fidakorraren papera egin du.

Lotsagarria eta iraingarria deritzot. Higuingarria, emakume eta herritar gisa, Suitzan luxuzko «erbestean» dagoen horrek jokaturiko papera, beste edozein herritarrekiko berdintasuna eskatzearekin batera. Eta penagarria, batik bat, pentsatzea gezurrezko tuntunkeriak libratuko duela erantzukizun orotik, herritar arruntok aho bete hortz utzita, justizia klasista izaten segitzeak barrenean suminduta.