Jon LEUNDA
sokatira Munduko Txapelketa

Euskal tiralariek dominak lortuz ekin diote lehiaketari

Abadiñok zilarrezkoa kolkoratu ahal izan zuen gizonezkoen 560koan, eta Gaztedik, berriz, brontzezkoa lortu zuen emakumezkoen 540koan.

Zilarrezko eta brontzezko domina bana izan dira Irlandan jokatzen ari den Munduko Txapelketako lehen egunean euskal taldeek lortu duten altxorra. Hasteko ez dago gaizki, oraindik beste bi egun ere geratzen baitira, eta datozen egunetan ere iritsiko dira gehiago.

Aurreneko bi egunetan kluben mailako lehiaketa izango da. Gizonezkoen 560 kiloko lehiaketarekin abiatu zen atzo txapelketa, eta hor itxaropen handiak zeuden Abadiñorekin, eta bizkaitarrek ez zuten hutsik egin, zilarrezko domina lortuz.

Lehen fase bikaina egin ostean, berdeak finalerdietan sartu ziren. Han finalerako bidea egin zuten, baina orain bi urte bezalaxe, txapelaren borroka horretan Ipar Irlandako Country Club taldearekin neurtu ziren, eta ezin izan zituzten mendean hartu, eta bigarren postu horrekin konformatu behar izan zuten. Hirugarren, berriz, Txinako Nantou taldea sailkatu zen, eta laugarren Irlandako Cokhill taldea geratu zen.

Emakumezkoak, berriz, 540koan lehiatu ziren, eta hor ere itxaropen handiak zeuden, bai Gaztedirekin, eta bai Ibarrarekin, eta lehenengoek lortu zuten brontzezko domina. Aurrena finalerdietan sartzea lortu zuten, eta han Taiwaneko Jingmai taldearekin galdu egin zuten. Hirugarren eta laugarren posturako lehian, berriz, Hegoafrikako Disa taldearekin neurtu eta irabazi egin zuten. Urrea, berriz, Txinako Steel taldeak lortu zuen, eta Taiwango Jingmai taldea bigarrena izan zen. Pisu honetan Ibarrak bosgarren postuan amaitu zuen, eta Badaiotzek, berriz, zazpigarren.

Gizonezkoak 640koan ere neurtu ziren, eta han aritu ziren Ibarra, Murueta eta Ñapurrak, eta hiruretako inork ez zuen lortu finalerdietan sartzea.

Itxaropentsu

Gaur jokatuko da Munduko Txapelketako bigarren jardunaldia, eta aldi berean kluben mailako azkenekoa ere izango da. Gaur ere dominak lortzeko itxaropen osoa dago, eta ez bat bakarrik, izan ere, euskal taldeak berriro ere punta-puntan ibili beharko lirateke.

09.30ean hasiko da txapelketa, eta gizonezkoak 600 kilokoan neurtuko dira. Hor arituko dira Abadiño, Ñapurrak, Ibarra eta Murueta. Ordu berean 500ekoan neurtuko dira neskak, eta hor izango dira Gaztedi, Badaiotz eta Ibarra. Bi pisu honetan dominak eskuratu beharko lituzkete, eta horretarako Abadiñok, Ibarrak eta Gaztedik izango dituzte aukerarik gehien.

12.30ean, berriz, 600eko mistoak lehiatuko dira, eta hor arituko dira Gaztedi, Ibarra eta Ñapurrak. Azken hauek, gainera bi talde plazaratuko dituzte. Hemen ere dominak lortzeko aukera asko izango dituzte parte hartuko duten talde guztiek.