GARA

Bere lana gaitzesteko, Pauen Hollanderen panpina erre dute Aitzinako gazteek

Aitzina gazte erakundeak abenduan abiatu zuen kanpainaren baitan, ekimen berezia antolatu zuen atzo Pauen. Inauteri garai honetan Zanpantzarri egiten zaion bezala, François Hollanderi, eta orokorkiago Gobernu frantsesari, epaiketa bat eginez egin dute aldarrikapena gazteek. Ekintza sinbolikora 50 bat pertsona hurbildu ziren prefeturaren aitzinera.

Onarpen instituzionala, bake prozesua eta euskararentzako aitortza instituzionala izan dira aldarrikapen nagusiak, Estatu frantseseko presidenteari eginiko epaiketan agerrarazi zituztenak.

Aitzitik, ez ziren horretara mugatu, etxebizitzaren arazoa, gazteen langabezia eta laborari gazteen egoera zaila ere landu zituzten. Bukatzeko, epaitu ondotik Zanpantzar erretzen duten gisan, Hollande presidentearen panpina erre zuten gazte abertzaleek.

Kazeta.info webguneak jaso zuenez, François Hollande akusatua izan zen; bestetik, akusazio partikularra osatzen zuten euskal gizarteko lekukoak, eta beren lekukotasuna eraman zuten Okzitaniako eragile batzuk.

Auziaren lehen zatian, «gizarte zibilaren izenean», Ipar Euskal Herriaren onarpen instituzionalaren eta bake prozesuaren alde lanean ari diren mugimenduetako ordezkariek hartu zuten parte.

Testigantzak entzun ostean, «sistema errotik aldatu» beharko litzatekeela esan zuen «epaileak»: «Horren ordez nahiago duzu errealitate horiek tapatu. Horregatik, Hollande, inauterietako epaimahai honek sutan erretzera kondenatzen zaitu!».