Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Sasoian sasoikoa

Sasoian sasoikoaz saiatzen naiz ni. Elikagaiez nago orain, hurbiltasuneko burujabetza bidean. Ideiez, ostera, desberdina da, batzuetan sasoikoari jaramon handiegia egiteak bihar-etzikoa lausotzea ekar baitezake. Eta bidea ibiliz egiten bada ere, poto eta guztiz sarri, atzekoz aurrerakoa da norabidea markatzen laguntzen ezinbestekoa. Egia esan, ahaztu egin zait zertara zetorren idatzi berri dudan hau. A, bai, hara!, monarken gainean gura izan nuen lehengoan aritu, sasoikoa zela, baina beste bide batetik idazten abiatu nintzen eta... baina tira!, zoritxarrez monarkia beti sasoian denez, eutsi egingo diot berriro kontuari. Ez zuten bada, lehengo egunean, Ingalaterrako errege-etxeko buruek espezieak babestearen alde egin! Baten bati hori entzunda elefanteak pasatuko zitzaizkion buru aldetik, taldean pasatu ere, eta ulertzekoa da, baina nago ni euren espeziea babestearen alde saiatzen ari zirela buruok. Ama, ama!, erretegi bihurtuko nituzke nik munduan diren errege-etxe guztiak, trantsizio garaian elefante-eltzekoa prestatu beharko banu ere! Hori bai, elefante transgenikoa. Tira, harira! Kosta berrikitan eta errenkan kolpatu duten denboraleak gogoan, demokrataren batzuek, hemerotekan kuxkuxean, ezker abertzalea topatuko dute errudun; ez zuen bada, non eta Kursaalen bertan, Konponbide Haizea iragarri orain pare bat urte! Bai zera gero! Kostan gertatua ikusita, Horkonponbide Haizea zela garrasi egingo dute horiek euren bost haizeetara, kosta ahala kosta.

Total, azken egunotan ez dut astirik izan albisteak ganoraz ordenatzeko, berriak korapilatu egin zaizkit, zaharrekin korapilatu ere. Desarmea gora eta behera. Armagabetzea bai, jakina!, eta entregatzea bai, prefosta!, armak segituan ezereztatuko dituen izen oneko erakunderen baten esku utzi ere, badaezpada. Ez dadin gerta gero Okerbide Estaturen baten indarrek itsasarteren bateko kostan pertsonen kontra erabiltzea. Deuseztatu! Uterotik nominapeko demokrata jaioak diren konpartsero batzuek maileguan hartu ez ditzaten! Zirkoek barrea eragiteko izaten segitu dezaten ezin bakarrik pailazoen esku utzi. Demokrazia beharrezkoegia da demokraten esku hutsetan uzteko. Eta politika profesionalen esku. Eta ekonomia ekonomialarienean. Eta desarmea armazaleenean...