J.L.
Urrezko aizkora

Atutxa eta Mugertza ere finalean sartu dira

Aitzol Atutxa eta Ugaitz Mugertza sailkatu dira Urrezko Aizkorako finalera, atzo Joxemari Olasagastiri eta Julen Kañamaresi irabazi ostean. Bizkaitarrak eta gipuzkoarrak minutu eta erdi pasako tartea atera zieten.

Hala ere, galtzen hasi ziren irabazleak eta hirugarren probara arte atzetik joan ziren. Hasteko, 45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren, eta Olasagasti eta Kañamares gailendu ziren, enborra 27 kolpetan erdibituta. Baten aldea atera zieten aurkariei.

Bigarren lanean, bikote bakoitzak erlojuz kontra 45 ontzako enborra moztu behar izan zuen, eta 37 segundo behar izan zituzten Olasagastik eta Kañamaresek, eta beste hiru segundoko aldea atera zieten aurkariei.

Hirugarrengoan hasi ziren Ugaitz Mugertza eta Aitzol Atutxa aurka zuten aldea laburtu eta aurretik jartzen. Zutikako kana-erdikoa ebaki behar izan zuten, eta alde handia atera zieten gipuzkoarrak eta bizkaitarrak. Minutu eta 38 segundo behar izan zuten lana burutzeko, eta bi minutu eta 15 segundo, berriz, Olasagastik eta Kañamaresek.

Laugarren lanean, bi kana-erdiko ebaki behar izan zituzten, eta hor ez zen alde handirik izan, baina Atutxa eta Mugertza izan ziren onenak. Lana bi minutu eta 59 segundoan amaitu zuten, eta bi segundoko aldea atera zieten aurkariei.

Seigarren lanean, bakoitzak zutikako 45 ontzako bat eta etzaniko beste bat ebaki behar izan zuten. Hor Olasagastik eta Kañamaresek aurka zuten aldea murriztea lortu zuten. Lana bi minutu eta 54 segundoan amaitu zuten, eta Mugertzak eta Atutxak, berriz, 3 minutu eta 8 segundoan.

Azkenik, bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu behar izan zituzten. 15 minutu eta 46 segundo behar izan zituzten lanak amaitzeko Atutxak eta Mugertzak, eta Olasagastik, eta Kañamaresek, aldiz, 15 minutu eta 56 segundoan amaitu zituzten eurenak. Lan guztiak burutzeko, 24 minutu eta 39 segundo behar izan zituzten Atutxak eta Mugertzak, eta 26 minutu eta 10 segundo, berriz, Joxemari Olasagastik eta Julen Kañamares gazteak.

Horrekin, finala Felix Etxeberriaren eta Donato Larretxearen aurka jokatuko dute. Final hori Azpeitian jokatuko da martxoaren 30ean, 12.00etan hasita. Aurrez, ordea, martxoaren 1ean, Urrestillako pilotalekuan jokatuko da Bigarren Mailako finala, 22.00etan hasita. Bertan, Larrañaga eta Mugertza III.a, Iker eta Daniel Vicente eta Jauregi eta Kañamares III.a arituko dira elkarren aurka.