Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Itxuraren industriako bezeroak

Ebakuntza txiki baten ondorioz, etxetik atera ere egin gabe egon behar izan dut egun batzuez. Orduen joan-etorri luzea betetzeko, irakurketa izan dut lagun, liburuak, normalean eskuratzen ez ditudan aldizkariak eta egunkarien gehigarriak ere bai, alegia, harrapatu dudan guztia. Eta, zinez, sekulako betekadarekin bukatu dut emakume argazkiz, arropa xehetasunez, edertasun aholkuz, emetasun ereduz eta orrazkera joeraz, besteak beste.

Kokoteraino beste jite bateko artikulu, erreportaje edo elkarrizketen artean bai ala bai, alfonbra gorrian erakusteko jantziak, moda blogen estekak, emakume arruntontzako edertasun trukuak edo lurrin, makillaje eta ilerako produktuen kanpainak, eta, nola ez, ehunka dieta mota irentsi behar izateaz, batzuetan guztiak batera, bi orrialdetik behin. Ikaragarria da bereziki emakumeoi zuzendutako edukien artean, gero eta gehiago, zer nolako nagusitasuna duen kanpoko itxurarekin zerikusia duen guztiak. Eta zer nolako protagonismoa ematen zaien, hain zuzen, horretatik bizi diren emakumeei, modeloei, edo ohiei, edo bidean daudenei, hala nola aktore edo abeslari edo enpresari edo idazle edo politikari izanda ere, beren burua zaintzeko edo janzteko orduan dauzkaten lehentasun eta zaletasunei.

Itxura, emakumea denean protagonista, 22, 45 zein 68 urte izan, beti da, emakumeontzako aldizkarietako hizkera erabiliz, must (nahitaezko) bat, pertsonaren beste edozein alderdiren ezinbesteko gehigarria. Eta horretan txapeldunak, beti edo ia beti gazteak eta aberatsak, it girl-ak. Internetera jo nuen anglizismoak zehazki zer esan nahi duen jakiteko, iruditzen baitzitzaidan ez zuela zentzu handirik buruan neukana aditzera emateko, alegia, arropak, osagaiak eta ilea eramateko moduagatik famatu bilakaturiko emakume-manikia, modazale amorratuen eredu, emakume garaikide, erakargarri eta independente itxurakoa izango bazara. Ondokoa topatu nuen: «Berezko erakargarritasuna duten emakumeak, ezin dena kopiatu, erosi edo imitatu, berezko jarrera batetik sortzen den heinean». Ondoren, ustez lanbiderik edo beste egitekorik gabeko zenbait emakumezkoren zerrendatxo bat zegoen. Baliteke eduki edukitzea, auskalo, eta izatea benetan emakume interesgarri eta erakargarriak, baina it girl kategoriak itxura hutsaren ikonoak bilatzen eta saltzen ditu, ez emakumearen barruko sakontasunak nabarmentzea. Horrek ez baititu aldizkariak saltzen, antza, ezta, ondorioz, emakumezko erosleontzat sortutako edertasun-industrietako produktu mota oro.

Esaten dute, nagusiki emakumea ardatz duten industria horiek, ametsak saltzen dituztela, nor bere buruarekin konforme eta gusturago sentiarazteko formulak. Nik, berriz, argi eta garbi ikusten dut tirania besterik ez digutela saltzen, jakinaren gainean geurea bezalako jendarte bateko emakume heldu gogorrena ere, uneren batean, hautsi egiten dela presio sozialaren eraginez. Askeagoak gara gauza batzuetan, orain, baina are esklaboagoak ere bai eta, benetan, ez dakit ohartu ere egiten garen mundu errealean bizi garen emakumeok, hainbeste input-zurrunbilo artean.