GARA BILBO

Txoko ezezagunetara bisitaldi gidatuak, Euskalduna Jauregiaren 15. urteurrena ospatzeko

Eskuarki bisitariak gertutik ikus ez ditzakeen txokoak ikusi ahal izan zituzten atzoko egunean zehar jauregira gerturatu ziren herritarrek. Aretoaren urteurrena joan den asteazkenean bete zen zehazki.

Bilboko Euskalduna Jauregiak ateak estreinakoz zabaldu zituenetik 15 urte bete ziren otsailaren 19an. Ospatzeko, atzo erabiltzaileekin bisita gidatuak egitea erabaki zuten.

Igandean zehar «Carmen» operaren agertokiko elementuak ikusi ahal izan zituzten -egun hauetan dago ikuskizun hori programatuta-. Horrekin batera, aktoreen kamerinoak eta entsegu gelak ere bisitatu zituzten. Era berean, Jesus Guridi Orkestrak piano pieza pare bat eskaini zituen.

Goizeko hamarretan hasita eta 19.30era arte, hamar minuturo bisitari talde bat sartu zen etengabe jauregira. Bitartean, haurrentzako eskulan tailerrak, magia eta malabare ikuskizunak eta ipuin kontalariak izan ziren. Ospakizuna disko-dantza emanaldiarekin amaitu zuten.

Zenbakitan

Azken 15 urtetan, Euskaldunan 10.593 ekitaldi izan dira eta horietan 6.619.219 pertsonak hartu dute parte. Ekitaldien %62,4k hiru egun edo gehiagoko iraupena izan dute, eta guztietatik 4.400 ikuskizun musikalak edo artistikoak izan dira, zeintzuen artean gehienak antzerki saioak izan diren (1.420). Orkestra eta koruen kontzertuak 1.065 izan dira; errezitaldi eta kontzertu klasikoak, 771; bestelako kontzertuak, 486; opera emanaldiak, 423; ballet edo dantza ikuskizunak, 182; eta zarzuela emanaldiak, 53.

Jon Ortuzarrek, jauregiko zuzendariak, azaldutakoaren arabera, ekonomikoki ere balantze baikorra egin dute. 15 urte horietan 9,2 milioi euroko irabaziak izan ditu eta Euskal Autonomia Erkidegoko barne produktu gordinean eragin positiboa izan du horrek. Izan ere, 1.219 lanpostu mantendu ahal izan ditu urtero.

2003an Jauregi-Kongresu onenaren saria eman zion Nazioarteko Jauregi-Kongresuen Elkarteak. Horretaz gain, beste hainbat sari ere jaso izan ditu.