Jon LEUNDA
Berezkoen Binakakoa

Bakarkakoa lortu ostean, Ezkurra berriro ere prest dago

Urruñako atzelariak Larralde izango du lagun aurrean, eta gaur arratsaldean Zuberoan arituko dira, Garindainen, Agirreren eta Bonebeltxeren aurka.

Berezkoen Binakako Txapelketako bigarren jardunaldia jokatuko da asteburu honetan, eta gaur jarriko da abian, gainera. Garindainen jokatuko da norgehiagoka, 16.30ean, eta bertan Larralde eta Ezkurra Agirreren eta Bonebeltxeren aurka neurtuko dira.

Buruz Buruko txapela jantzi osteko lehen partida jokatuko du gaur Paxkal Ezkurrak. Urruñako atzelaria bikain dago, joko handiarekin, eta Binakakoa irabazteko faboritoen artean ere badago. Gainera, sasoi betean dagoen Larralde gaztea izango du lagun, eta jendeak oso gustuko duen bikotea osatuko dute.

Aurrean, Agirre eta Bonebeltxe izango dituzte. Bikote honek oso zaila izango du gaur ezusteren bat ematea, Larralde eta Ezkurra hauengandik koska bat edo bi gorago baitaude, eta hori nabarituko da gaur. Apustuetan alde handia egongo da.

Etzi, berriz, 17.00etan, Elgart eta Kurutxari Sorhueten eta Etxetoren aurka arituko dira. Pasa den astean GARAk iragarri zuen bezalaxe, Waltarik ez du jokatuko txapelketa, eta haren ordez Elgart gaztea arituko da. Datorren urtean zen profesionaletara pasatzekoa, baina aurreratu egin behar izan du paper hori, nahiz eta amateur lizentziarekin jarraituko duen.