Jon LEUNDA
Top 14

Lapurtarren arteko derbia erabakigarria izan liteke

Biarritzek irabazten baldin badu, mailari eusteko borrokan sartuko litzateke. Galtzen baldin badu, ametsak ia erabat zapuztuta geratuko lirateke.

Biarritzek eta Avironek sekulako garrantzia duen norgehiagoka jokatuko dute bihar, 15.00etan, Agileran. Bientzat beharrezkoak izango dira puntuak. Etxekoentzat bizirik mantendu eta ametsei eusteko, eta Baionakoentzat, berriz, jaitsieratik kanpo jarraitzeko.

Biarritz indarrez gainezka etorriko da derbira. Bere zaleen aurrean jokatuko du, eta pasa den astean kanpoan irabazi ostean, helburua lortzea posible dela ikusi dute. Agilerako jokalariek ere horixe zioten pasa den asteko partida jokatu aurretik. Bi garaipen jarraian behar zituztela zioten berriro ere biziari heltzeko, eta horixe nahi dute.

Aviron, berriz, ez dago unerik onenean. Batetik, etxetik kanpo ez du ezer lortu aurtengo denboraldian, beraz, horrek etxeko partidak irabaztera behartzen du, baina pasa den astean Toulon handiarekin galdu egin zuen, eta horrek egoera okertu egin du, eta zuri-gorrien zaleen itxaropena, aldiz, ikaragarri handitu da.

Sailkapenari begira jarrita, une honetan Biarritzek azken postuan jarraitzen du, aurtengo denboraldian denborarik gehien daraman lekuan. 21 puntu dauzka, baina partida bat gutxiago jokatuta dago. Oraindik gainerakoekin alderatuta oso atzean dago, baina errugbian garaipenak lau puntu balio ditu, eta puntu gehigarria ere batuz gero, bost ere izan daitezke.

Biarritzek jokalari onak ditu, baina urtea ez doa bere erarik onenean. Lesioak ere asko izan dituzte, eta horiek ere oraintxe osatu dira, eta tentsio hori ere galdu dutenez, badirudi bere boladarik onena etor daitekeela. Bihar arratsaldeko partidak markatu lezake etxekoen etorkizuna. Olympiquek irabazten baldin badu, mailari eusteko borroka horretan sar daiteke, baina galtzen baldin badu, aukerarik gehienak joan daitezke, eta ia Pro 2n egongo dira.

«Gure egoera ez da ona, eta garbi dago kanpoan garaipen bat behar dugula. Derbiak beti dira zailak, eta are zailagoak kanpoan jokatzen baduzu, eta gure kasuan bezala, etxetik kanpo horrelako emaitza txarrak lortzen baditugu. Garbi dago biharko partida honek gauza asko erabaki ditzakeela. Irabazten badugu, apur bat aurrera egingo dugu, baina galtzen baldin badugu, gure egoera asko bihurrituko da», esan zuen atzoko saioaren ostean Christian Lantak, Avirongo entrenatzaileak.

«Pasa den astean lortutako garaipenak indar handia eman digu. Derbiak beti dira bereziak, baina irabazten baldin badugu aukerei eutsi egingo diegu, eta badakigu nolako garrantzia daukan, eta ez guretzat bakarrik, baita gure zaleentzat ere», esan zuen, aldiz, Charles Gimenezek, Biarritz taldeko jokalariak, atzoko lan saioaren ostean.

Biarritzen festa giroa nagusituko da, eta Agilera zelaia erabat beteko da

Bihar arratsaldean Agileran jokatuko den neurketa festa giroan biziko da, eta hori goizetik hasiko da nabaritzen.

Beti gertatzen den moduan, Baionako gutxi izango dira Biarritzen, gauza bera, baina alderantziz, gertatzen baita Baionan jokatzen dutenean. Hala ere, Agilera gainezka egongo da. Biarriztarren zaleek badakite euren jokalariek zenbat duten jokoan, eta ez dituzte bakarrik utziko.

Puntuen garrantziaz gain, euren arteko partida irabazteak ere garrantzi handia izaten du, ez jokalarientzat bakarrik, baita zaleentzat ere. Auzoko taldea mendean hartzea urteko helburu nagusietako bat baita. J.L.