Nagore BELASTEGI DONOSTIA

San Telmo Museoko piezen argazkiak etxera itzuli dira

Sigfrido Koch argazkilariak San Telmon ateratako hainbat irudi hartu zituen Asier Mendizabal artistak «Soft focus» instalazioa sortzeko. Berez, San Telmo Museorako sortutako pieza izan ez arren, orain Donostiako museoaren erakusketa iraunkorraren parte da.

Asier Mendizabal artista ordiziarrak «Soft focus» pieza Donostiako San Telmo museoan jartzea erabaki du. Hasiera batean Madrilgo Reina Sofia arte garaikidearen museorako egin bazuen ere, hasieratik argi zuen San Telmon egotea nahi zuela, lanaren oinarria bertan dagoelako, eta nolabait, artistak berak museoarekin duen harremanagatik.

«Haurra nintzela Ordiziatik Donostiara etortzen nintzen familiarekin eta San Telmo ikustera etortzen ginen. Beldurra ematen zidan, batez ere, euskal baserri tradizionalaren erreprodukzioak. Baina era berean morboa ematen zidan, eta berriro itzultzeko desiratzen izaten nintzen», azaldu zuen bere lana hobeto ulertzeko bidean.

Izan ere, aurrerantzean San Telmo Museoko erakusketa iraunkorrean, euskal historiari eskainitako espazioaren txoko batean, «Soft focus» lana ikusi ahal izango dugu. Erakusketaren zati horrek begirada etnografiko bat eskaintzen dio gure kulturari, eta Mendizabalen lana etnografia horren begirada garaikidea litzateke.

Museoko zuzendariak, Susana Sotok, aipatu bezala, artista lagungarria izan da eta ikuspuntu interesgarri bat eskaini die eta ikerketa lerro berri baten lehen pausoak eman ditu. «Ateak zabaldu dizkie honelako arte garaikideko piezei», beste artistaren bat interesaturik balego bidea irekiz.

Sigfrido Koch

Instalazioan bi argazkilariren lanak nahasten dira: Jose Ortiz Echague eta Sigfrido Koch. Lehena oso piktorikoa zen, bere argazkiek pintura-lanen antza zuten, artifizioz beteak. Bigarrena «antonimo» moduan proposatu du Mendizabalek, herrikoia zelako. San Telmo Museoak berari eskatu zion zenbait piezaren argazkiak ateratzeko eta 80 irudirekin «La gran enciclopedia vasca» liburua ilustratu zuen. «Objektiboak izan behar luketen irudi haietan nabaritzen da Kochen ikuspegi fotografikoa», aipatu zuen Mendizabalek horri garrantzi berezia emanez. 80 argazki horiek pareta batean ikus daitezke, proiektatuta, soft focus deituriko filtro bat erabiliz -irudia lausotzen du eta behe lainoa dagoelako itxura ematen dio, baita sentsazio onirikoa ere-.

Proiekzio horri lagunduz, hiru argazki daude paretan zintzilik: Ortiz Echagueren bi eta Sigfrigo Kochen aitak, Willy Kochek, ateratako beste bat. Honek Sigfridok berak erabili ohi zuen teknikari jarraitzen dio eta ikus daitekeena zera da; Sigfrido gizon bati argazkia ateratzeko prestatzen, kamerari hatsa botatzen soft focus efektua lortzeko, San Telmo Museoko baserri tradizionalaren erreprodukzioaren sukaldean. «Zirkulua itxi dela sentitzen dut orain eta argazkietan ageri diren objektuez inguratuta dagoela», adierazi zuen, pozik, artistak. Argazki honi testu batek laguntzen dio eta bisitariak etxera eraman dezake, puzzle baten moduan osatzeko.