SURFLARI ERNEGATUA

Berritu ez, kopiatu

National Geographic» aldizkariak, surf egitera joateko munduko hogei hiri onenak zeintzuk diren azaldu du erreportaje batean. Olatuen kalitatea irizpide nagusi gisa hartu beharrean, surfaz aparteko beste zenbait osagai ere kontuan hartu dituzte, hala nola hiriak surflariari eskaintzen dizkion azpiegiturak, kultura, gastronomia edo aisialdi ekimenen eskaintza.

Maila guztietako surflarientzat erakargarri izan daitezkeen norakoen artean mundu osoko lekuak aurkitzen dira eta haien artean, Europako hiru herri baino ez dira azaltzen.

Irlandako Bundoran, Biarritz eta Donostia dira «National Geographic»-en ustez surf egitera oporretan joateko Europako hiru toki onenak. Kasu bakoitzeko berezitasunak azpimarratu eta surflariarentzat erakargarrienak izan daitezkeen faktoreak azpimarratzen ditu zerrendaren egileak. Biarritzen esaterako, Europan surfa zabaltzerako orduan herri honek izan duen garrantzia eta egun duen surf giroa azpimarratzen du. Donostiako kasuan berriz, Zurriolako hondartzan surf egin ostean Alde Zaharrean den eskaintza zabalaz gozatzera gonbidatzen du surflaria.

Ez da kasualitatea aldizkari ospetsuak herri hauek aukeratu izana. Bundoran esaterako, surflariari begira eraikitako hiria dela esan daiteke. Biarritzek historia egin du eta egiten jarraitzen du. Eta Donostiak asmatu du daukana behar bezala kudeatzen.

Zerrenda horretan egoteko sekulako potentziala duten hiri asko dira Europan, eta horien artean Euskal Herriko beste zenbait herri ere koka daitezke, adibidez, Zarautz edo Sopela. Turistak erakartzeko edo proiekzio handiagoa izateko lanean ari dira udal herri askotan.

Ez dago gauza berririk asmatu beharrik. Berritzaile izan nahi zuten udalek porrot egin dute. Sinplea da, ikusi eta ikasi. Edo txinoek egiten duten moduan, ikusi eta kopiatu. Gainerako diskurtso eta txorakeriak, utzi iezazkiezue inoiz zerrenda horretan egongo ez direnei, espainolei kasu.