Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Jeffreys Bay: Urautsi hegoafrikarra WCT itzulian izango da berriz ere

Orain bi urte bertan behera geratu zen Jeffreys Bayko munduko txapelketa, kolpe gogorra izan zen, baina aurten berriz ere WCT zirkuituko txapelketen zerrendan erantsi dute urautsi hegoafrikarra eta goi mailako lehiakideek pozarren hartu dute albistea.

Lehen mailako munduko itzulian berriz ere aldaketa bat izan da txapelketen zerrendan, eta ondorioz, bi urteren ostean, Jeffresy Bay urautsi mitikoan izango dira munduko 34 surflari onenak.

Baliko Keramas eskuin olatu famatuak hartu zuen orain bi urte Jeffreys Bayk utzitako hutsunea, baina biak urautsi bikainak izan arren, Jeffreys Bayko olatuen kalitatea eta historia paregabeak dira, eta horregatik ASP erakundeko antolatzaileek ahalegin berezia egin dute WCT zirkuituan berriz ere urautsi hau eransteko.

ASP erakundeak babesleekin sinatu duen kontratuan, 2016. urtera arte txapelketa berezi hau egiteko konpromisoa hartu dute; beraz, gutxienez datozen bi urteetan ere Jeffreys Bayko olatuetan izango dira lehen mailako munduko 34 lehiakideak.

Orain bi urte, txapelketa hau egiteko diru arazoak zirela-eta bertan behera uztea erabaki zutenean, nahigabe handia erakutsi zuten WCTko lehiakideek; izan ere, Jeffreys Bay, 1996. urtetik 2011. urtera arte munduko txapelketen zerrendan egon izan da beti eta geldialdi garrantzitsua izan da munduko txapelketen historian.

Jeffrey Bayko txapelketan egin izan dira zenbait txanda historiko, eta horrez gain, olatuen kalitateari esker lehiakideek erakutsitako maila onak ere sekulako ikusmina sortu izan du. Beraz, munduko eskuin olatu onenetako bat izateaz gain, arrazoi historikoengatik ere garrantzitsua izan da beti Jeffreys Bayko txapelketa eta horregatik poz handiz hartu dute albistea WCTko lehiakideek.

Hegoafrikako urautsia berriz ere txapelketen zerrendan ikusteagatik poztu den lehiakideetako bat Jordy Smith izan da; izan ere, bera hangoa da, eta bi bider irabazi du munduko txapelketa bertan, beraz ezin hobeto ezagutzen duen olatua da J-Bay.

«Bazen garaia berriz ere J-Bayra itzultzeko», esan zuen Jordyk, eta honakoa gaineratu zuen: «Zinez hunkitua naiz albiste honekin. Zirkuituko geldialdi hoberena da nire ustez. Munduko eskuin olatu hoberena dela esango nuke, beraz WCT zirkuituan egotea merezi duen urautsia da. Harro nago hegoafrikarra izateaz. Gure herrialdearentzat garrantzi handia du txapelketa honek, beraz uste dut jendea pozik egongo dela».

Iaz, hirugarren aldiz munduko txapelduna izan zen Mick Fanning australiarrak ere pozik hartu zuen Hegoafrikan geldialdia egiteko albistea: «Berri bikaina da. Olatua nire kuttunetako bat da, eta hori bakarrik ez, ingurunea ere zoragarria da; bertako jendea, animaliak eta lekuak munduko ederrenetakoak dira. Ezin dut gehiago itxaron!».

Gauzak horrela, guztira 12 txapelketek osatuko dute aurtengo WCT zirkuitua. Urtero bezala, itzuliko lehen lehiaketa martxoaren 1ean hasi zen Australian, Gold Coasteko Snappers eskuin olatu famatuan eta martxoaren 12ra arte luzatuko da, eta zuzenean ikusi ahal izango dira txandak streaming bidez. Besteak beste han izango da Kelly Slater, iazko irabazlea eta hamaika bider munduko txapelduna.

Australia, Fiji uharteak, Brasil, Hegoafrika, Tahiti, AEBak, Frantzia, Portugal eta Hawaii izango dira munduko txapelketak egingo dituzten lekuak. Urterokoak dira urautsiak, beraz aldaketa nabarmenena aurten Jeffreys Bay gehitzea izan da.